D'Museoan erakutsitako Oteizaren ustezko obren auzia artxibatu dute
Pilar Oteizak dio Elizbarrutiaren museoan erakutsitako eskulturak ezin direla Oteizak egindakotzat jo.
Ekainaren 15ean, Donostiako Elizbarrutiaren D’Museoan (Parte Zaharreko Santa Maria elizan) Oteiza Argentinan erakusketa inauguratu zuten, ustez Jorge Oteiza artistak (Orio, 1908–Donostia, 2003) Amerikan 1935etik 1948ra egindako hamasei eskultura erakusten zituena. Ordea, ekainaren bukaeran, Oteiza Fundazio Museoak salatu zuen aurkeztutako piezak ez zirela Orioko artistarenak. D’Museoak, aldiz, obren benekotasuna defendatu zuen. Auzia epaitegietara iritsi zen, eta horren inguruko oharra plazaratu du orain Pilar Oteizak, Jorge Oteizaren iloba eta oinordeko unibertsalak.
Azaldu duenez, ekainaren 23an, salaketa erregistratu zuen Ondarearen Brigadan, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, Oteizaren oinordeko unibertsala gisa, ez zitzaiolako eskatu “autorearen eta bere obraren irudiak jendaurrean ustiatzeko nahitaezko legezko baimena”. Bestetik, D’Museoak “uko” egin ziolako “erakusketari buruzko informazioa eta bere esku zegoen egiaztagiriak emateari obren egiletza justifikatzeko”, berak hala eskatu bazuen ere. Azkenik, aurrez aurre egiaztatu zuelako “Jorge Oteizaren irudiak eta Oteizarenak ez ziren eskulturenak zituzten liburuxkak saltzen ari zirela”.
Horrela, Pilar Oteizak azaldu duenez, Ondarearen Brigadak auzia epaitegietara eraman zuen, eta irailean, Donostiako Instrukzioko Bigarren Epaitegiak “auzi penala ireki zuen, eta, gertakariak argitzeko egoki iritzitako eginbideak egin ondoren, auzia artxibatzea erabaki zuen”. Artistaren oinordekoaren arabera, hainbat arrazoirengatik artxibatu zuten auzia.
Alde batetik, D’Museoak erabilitako artistaren argazkiak Jorge Oteiza Fundazio Museoak utzitakoak zirelako eta erabiltzeko baimena zutelako. “Baimen horrek gaizki-ulertu bat eragin zuen, eta horrek ez du uzten egiaztatzen engainatzeko asmorik dagoenik, ezta jabetza intelektualaren gainean epaileak aitortzen eta egiaztatzen dituen eskubideak urratzeko kalterik ere”, gehitu du artistaren ilobak. Bestetik, D’Museoko arduradunen jardueran etekin ekonomikorik ez dagoela ikusita, arduradun horiek dirua irabazteko asmorik ez zutela ondorioztatu zelako.
Gertatutako guztia eta hedabide artistikoetan “sortutako alarma” aintzat hartuta, Pilar Oteizak gogorarazi du artistak “bere obra, artxiboa eta ondasun higiezinak Altzuzan utzi zizkiola Nafarroako herriari, beste baldintza batzuen artean, bere obraren Katalogo Arrazoitua bere izena daraman Fundazioaren bidez editatzeko baldintzarekin”. Ildo horretatik, nabarmendu du Oteizak bera, Pilar Oteiza, izendatu zuela “oinordeko unibertsal”: “Jorge Oteizaren Obraren gaineko Jabetza Intelektualaren eskubideen titular bakarra eta bere ustiapena erabakitzeko eta benekotasuna zaintzeko ahalmena zuen bakarra”.
Era berean, azaldu du 2015ean Jorge Oteizaren Eskulturaren Katalogo Arrazoitua argitaratu zutela, eta gaineratu du Katalogo Arrazoituan “modu unibokoan eta berariaz” sartuta ez dagoen “obra bakar bat ere” ezin dela jo “Jorge Oteizak egindakotzat”.
Horrela, gehitu du esandako guztia “artista eta egile orok duen eskubidearen alde” esan duela, “berak bere obratzat aintzatetsitako obra soilik har dadin hala, eta, era berean, lehen esan bezala, apokrifoak diren obrekin salerosketarik ez egiteko eskubide indibidual eta soziala defendatzeko”.