Donostia Ospitaleko langileek aldarrikapen zerrenda bat aurkeztu diote bertako gerentziari
Donostia Ospitaleko zerbitzuburuak zentroko eskaileretan bildu dira gaur goizean ere, joan den ostiralean azaleratu zen gatazka egoerak indarrean jarraitzen duela gogorarazteko, eta baita “Osakidetzarekin hitz egiteko bideak irekita jarraitzen duela” ere. Datorren astean beste ospitale batzuk mobilizaziora batzea espero dute, eta, agian, Lehen Mailako Arretako profesionalak ere bai. “Harritu egiten gaitu astebete igaro ondoren erantzunik jaso ez izanak”, adierazi dute.
Gaur goizean, elkarretaratzea bukatutakoan, Donostia Ospitaleko gerentziara joan behar zuten bertaratutakoek, Osasun saileko goi-kargudunekin bitartekari gisa jardun dezaten eskatzeko. Hala ere, oraingoz, gerentziak ez du iritzirik eman, baina zerbitzuburu batzuei deitu die. Bilera batzuk “tentsiozkoak” izan direla nabarmendu dute langileek.
Aldarrikapenak
Gaur, elkarretaratzearen ostean, bertaratutakoak ospitaleko gerentziara joan dira, hainbat aldarrikapen helarazteko. Lehenengo hiru eskaerek Gipuzkoari eragiten diote, eta laugarren puntutik aurrera orokorrak dira. Hona hemen aldarrikapenak, puntuz puntu:
1. Lehenengo neurri gisa, eskatzen dugu Donostialdeko ESIa ez zatitzeko eta Onkologikoaren integrazio eraginkorra lehenbailehen artikulatzeko. Urgentziazko tramitea eman behar zaio espazioa berrantolatzeko plan bati.
2. Tolosaldeko asistentzia desordenaren egoerari berehalako konponbidea ematea eskatzen dugu, Tolosako Espezialitateen Anbulatorioaren asistentzia eskaintza indartu eta hobetzeko, eta egonaldi ertain eta luzeko pazienteak artatzeko Asuncion Klinikarekin egindako ituna birmoldatzeko proposamen bat eginez.
3. Ospitaleko plantillatik datorren zuzendaritza mediko bat izendatzea.
4. ESI bakoitzean kontsulta organoak sortzea, ESI horien zuzendaritzei laguntzeko ospe eta ibilbide aitortua duten osasun profesionalek osatuak.
5. Osakidetzako kontsulta mahai zentral bat eratzea. Mahai hori profesionalek, lurraldeetako ordezkari politikoek eta gaixoen elkarteek osatuko dute, eta terapia berezietarako edo goi-teknologiak ezartzeko erreferentzia unitateen kokapenari buruzko erabaki estrategikoen proposamenak aztertuko ditu, txosten teknikoetan oinarrituta.
6. Giza baliabideen kudeaketa deszentralizatzea, erakunde bakoitzak bere baliabideak behar bezala planifikatu ahal izateko neurri gisa.
7. Fakultatiboen eta erizainen lanpostu jakin batzuen profilatze teknikoa, lanpostu jakin batzuk eskatzen dituzten trebetasun espezifikoen eta esperientzia-trebetasunen arabera.
8. Erizaintzako espezializazioan egiaztatutako profil teknikoen kontsiderazioan aldaketak.
9. Karrera profesionalerako merezimenduen baremoak aldatzea eta sartzea.
10. 2023ko ekainean martxan jartzeko, graduatu osteko lehia-sistema bat sortzea (MIR propioa EAErentzat), profesionalak erkidegora erakartzeko motorra izango dena eta prestakuntza post-espezializatua bermatuko duena.
11. Osakidetzak, gutxienez hiru hilean behin, ESI bakoitzak dituen giza baliabideak argitaratzea eta eguneratzea, estamentuka, kategoriaka eta titulazioka egituratuta, eta laguntza-zentro bakoitzeko eginkizunak eta EAE osoan globalizatuta daudenak, lurralde guztien artean giza baliabideen banaketan egon behar duen oreka egiaztatzeko bide bakar gisa.
12. Asistentzia mailako eta maila homogeneoko gorabeherengatik ordezkapenak egiteko irizpide orokorrak argitaratzea lurralde guztietan; hala ere, arazo zehatzetarako aparteko konponbideak emateko gaitasuna egongo da, baina 5. puntuan aipatutako kontsulta mahaiak horren berri izango du.
13. Barne-kidego bateratu bat antolatzea Sailaren barruan, osasun kudeatzaileak bilduko dituena eta prestakuntza ibilbide bat ezarriko duena.
14. Lan-mahai bat sortzea Lehen Mailako Arretako lankideekin, profesional horiek EAEn 2017an egindako beharren eta proposamenen dokumentua eguneratzeko.