Europako postuak helburu
Pasa den asteburuan Bartzelona garaiezina garaitzeko zorian egon ostean, indarberrituta doa Reala urteko azken partidara, Europako postuengatik lehiatzeko gai dela erakusten ari baita. Igandean, gainera, Anoetako harmailetako realzaleen babesa izango dute Natalia Arroyoren neskek, Levanteren aurkako partidan. Europako postuetan dauden taldeekin duten aldea murriztea izango dute helburu txuri-urdinek, hiru puntuak batuta.
Eskubaloian, Bera Berak partida garrantzitsua jokatuko du igandean Gasca kiroldegian, Besançon talde frantziarraren aurka. Eurokopako Q3 kanporaketako itzulerako partida izango da, eta donostiarrek aukerak dituzte hurrengo fasera pasatzeko. Hiru golengatik galdu zuten joanekoan, eta etxean neurketa on bat eginez gero, hurrengo faserako sailkatu daitezke.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Madrilen jokatuko du asteburuan, Estudiantesen aurka. Bolada txar batean murgilduta daude donostiarrak: ligako azken lau partidak galdu dituzte, eta ia bi hankak dituzte Eurokopatik kanpo. Horregatik, egoerari buelta emateko baliatu nahi dute Estudiantesen kontrako neurketa. Madrildarrak, gainera, aurkari zuzenak dira Ibaeta Basketentzat, ligako hamaikagarren postuan baitago Estudiantes eta hamabigarrenean Ibaeta Basket.
Azkenik, izotz hockeyan, Txuri Urdinek Majadahondaren aurka jokatuko du etxean, igandean. Denboraldi txarra egiten ari da Txuri Urdin, eta igandekoa partida zaila izango da, ligako liderrak baitira madrildarrak, eta azkenak donostiarrak.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Reala – Levante (igandean, 18:00etan).
Eskubaloia
Emakumezkoen Eurokopa, Q3 kanporaketaren itzulerakoa
- Bera Bera – Besançon (igandean, 12:10ean).
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Estudiantes – Ibaeta Basket (igandean, 12:30ean).
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Txuri Urdin – Majadahonda (igandean, 14:30ean).