Gabonetako txirristako arauak gaztelania hutsean daude
Azken urteotan egin duten moduan, Gabonen harira, txirrista handi bat jarri du Donostiako Udalak Urumea pasealekuan, Maria Kristina zubiaren ondoan. Haurrentzako atrakzio bat da, eta elurrez estalitako mendia balitz bezala, gazteenak puzgarri batean jaitsi ahal dira hiru erreietako batetik. Ordea, atrakzioak ez ditu euskaldunen hizkuntz eskubideak errespetatzen, sarrerak erosteko etxolako eta txirristaren sarrerako karteletan soilik gaztelaniaz irakur baitaitezke atrakzioaren arauak; euskararen arrastorik ez dago.
Iaz, Gabonen harira, hizkuntz eskubideen beste urraketa bat salatu zuen Bagera Euskaltzaleen Elkarteak. Izan ere, zubiaren beste aldean (Frantzia pasealekuan) dagoen Gabonetako azokako bi aldeetako sarreretako kartel argiztatuetan euskararen arrastorik ez zegoela salatu zuen. Era berean, azokako etxola askotan gaztelania nagusi zela salatu zuen elkarteak. Aurten, aldiz, hori zuzendu egin du udalak, alde bateko sarrerako kartel argiztatua euskaraz baitago, eta beste aldekoa gaztelaniaz.