"Paisaiak aitzakia bat dira koadro on bat egiteko"
Juan Luis Goenaga margolariaren obra batzuk bildu dituzte Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak galerian. Erakusketa urtarrilaren 29ra arte izango da zabalik.
Deseroso sentitzen da bere koadroek zer iradoki edo zer adierazi nahi duten galdetzen diotenean, eta argi esan du benetan interesatzen zaiona dela “koadro on bat” egitea. “Nire kezka hori da. Nik niretzako margotzen dut. Paisaiak, figurak… denetik margotu dut. Zerbait transmititu nahi izatea, oso pedantea iruditzen zait [barrez]. Oso margolari primarioa naiz”.
Juan Luis Goenaga artista donostiarrak hainbat garaitako margolanak bildu ditu Ekain Arte Lanak galerian. Garai desberdinetan egindakoak, baina pixkanaka, zertzelada txikiekin eguneratzen dituela aitortu du. Nolabait, Goenagaren obsesioa da ustez bukatuta zeuden lanak margotzen jarraitzea: “Azken momentura arte zertzeladak ematen ditut. Koadroak ez dira inoiz bukatzen. Zintzilik ikusten ditudanean jada bukatutzat jotzen ditut, baina estudioan bueltaka jarraitzen badute, berriz hartzen ditut. Gainera, olioa ona da horretarako. Lehorra dagoenean, jarraitu dezakezu lanean arazorik gabe. Geruza gehiago jarriz”. Eta datarik ere ez die jartzen koadroei, horrexegatik hain zuzen, ez dituelako inoiz bukatzen.
Bere semeak, Telmok, lagundu dio erakusketara. Eta kazetarien aurrean ere lagundu dio aitari bere lana azaltzen, erakusketara ekarri duena deskribatzen: “Hemen 90eko koadroak ere badaude, berak garaian aukeratu zituen koloreekin egindakoak, baina erakusketara ekarri dituenean berriz ukitu dituenez, eguneratu egin ditu”. Ekain Arte Lanak galeriako arduradun Rita Unzurrunzagak ere nabaritu du margolanak azken momentura arte landu dituela.”Oraindik batzuk lehortu gabe daude”.
Goenagarentzat edozein paisaia da inspirazio iturri. Barrutik ateratzen zaio artea. Dagoen tokian dagoela, barruan sentitzen duen hori ateratzen zaio.”Ez zait gustatzen esatea nongoak diren paisaiak. Oso leku desberdinetakoak dira, baina azkenean gauza bera margotzen dut. Barne paisaiak dira. Azkenean, paisaiak aitzakia bat dira koadro on bat egiteko”.
Historiaurreko pintura gustuko du Goenagak, labar pinturak. “Pigmentuak eta olioa erabiltzen zituzten. Nik ere bai. Finean hori baita olioaren teknika”. Eta teknika Goenagarentzat oso inportantea da. Eskuekin, oinekin eta hatzekin ere margotzen du. Eta koadroa egiteko papera aurrez lantzen du, “materiala gogortu dadin”. Formak eta koloreak nahastuz lan egiten du. Bere ustez, pintura beti da modernoa. “El Greco oraindik ere modernoa da”.