Zuhaitzaren Festa, eskauten eskutik
Eskautetan pentsatzerakoan, burua film estatubatuarretara joaten zaigu, herrialde horretako 'boy scout' eta 'girl scout' taldeetara. AEBetako zerbait dirudi, baina ez da hala, Donostian XX. mendearen hasieratik baitaude; 1916an, esaterako, zuhaitzak landatu zituzten Bidebietan.
Eskaut talde bat Bidebietako tiro eremuan zuhaitzak landatzen. (Argazkia: Ricardo Martin/Kutxateka) Informazio askoz gehiago ez dago, baina duela 100 urte baino gehiago, 1916ko apirilean, eskaut talde donostiar batek Zuhaitzaren Festa izeneko ospakizun bat egin zuen Bidebietako tiro eremuan, eta eskaut gazteak zuhaitzak landatzen aritu ziren.
Espainiako Estatuan, XIX. mendearen hasieran sortu zen festa hori, baina ez zen estatuko festa ofizial bat izan 1915era arte, orduko gobernuak Errege Dekretu bidez ezarri baitzuen udalerri guztietan ospatzeko derrigortasuna.
Horrela, Donostian, behin gutxienez ospatu zen: 1916ko apirilaren 2ko igandean. Hain zuzen ere, horren berri eman zuen La Voz de Guipúzcoa hedabideak, aurreko egunean: «Gaur, arratsaldeko zazpietan, Esploratzaileak beren egoitza sozialean bilduko dira (Lasala plaza, 2), jakiteko igandean zer ordutan joan behar diren Tiro Nazionalera, zuhaitzak landatzeko eta tiro praktikak egiteko». Kutxateka artxiboan gordeta dauden argazkietan ikus daitekeenez, horretan aritu ziren, hain justu, Bidebietako tiro eremuan.
Eskautak Donostian
Esploratzaileak deitu zituen hedabide horrek, baina funtsean, eskautak ziren, Donostiako eskauten tropa.
Eskauten mugimendua 1907an jaio zen Ingalaterran, Robert Baden-Powell jeneralaren eskutik. Handik gutxira, 1910ean, AEBetara iritsi zen mugimendua, eta orduan jaio ziren eskaut estatubatuar ezagunak. Mugimenduak indartsua behar zuen izan, laster iritsi baitziren Donostiara ere, agerikoa denez.
Zuhaitz Festako tropa hori dagoeneko ez da existitzen, baina Donostiak beste eskaut talde batzuk izan ditu historian zehar, eta gaur egun ere baditu batzuk: Iruzun Eskaut Gia Talde Laikoa (Santa Maria-San Jorge, Beti Anaiak eta Lagunak taldeak batuta sortutakoa), Aratz, Aizkorri eta Pañoletas Blancas, hain zuzen ere.



