Beltxargen badia

Lau beltxarga ibili dira asteburuan Kontxako uretan. Itsas Enara Elkartearen arabera, horietako bat heldugabea izan liteke, eta beste hirurak kumeak dira. Horiek aurten jaio direla azaldu dute, Jaitzubian, San Joakin urmaelean.
Xabier Saralegi adituak Irutxuloko Hitzari azaldu dio Donostian agertu direnak ez direla animalia basatiak. “Naturara joan diren ale domestikoak” direla zehaztu du. Eta ohartarazi du, irudi ederrak diren arren, beltxarga ez dela Euskal Herriko espeziea, animalia inbaditzaile moduan sailkatu daitekeela. “Oso territoriala da, eta kumatze garaian hemengo txoriei kalte egiten diete. Beraz, irudi polita da, baina biodibertsitatearen ikuspuntutik ezer berezirik ez. Akaso negatiboa”.
Ondarretako hondartzan paseoan zebilen jendearen arreta piztu dute beltxargek, eta asko haiengana gerturatu dira. Eguzki Elkarteak animaliak “bakean uzteko” eskatu du, eta salatu du jendeak estutu egin dituela beltxargak. Bestalde, eskatu dute txakurrak lotzeko beste animalia batzuen aurrean, erasoak saihesteko. Gutxienez bi metroko distantzia gordetzea gomendatzen da honelako kasuetan.
Beltxargak bakarrik ez, hegazti gehiago ibili dira Ondarretan asteburuan: pottorroak. Itsas Enara Elkarteak adierazi du Atlantikoko ekaitzen ondorioz iritsi direla kostaldera hainbat pottorro. Ez dakite Donostiara ere ekaitz horrengatik etorri diren. Portugalen eta Mediterraneoan pottorro asko oso ahul edo hilda agertzen ari dira hondartzetan. Oraingoz, Kantauri itsasoan ez dela halakorik gertatu esan du Itsas Enara Elkarteak.






















