350 jardueratik gora izango ditu 'Gabonak zuretzat' programak
Donostiako Udaleko Gazteria Sailak gaur abiatu du Gabonak zuretzat programa. Urtarrilaren 6ra bitarte 350 jarduera baino gehiago antolatu dituzte haurrentzat, gazteentzat eta familientzat. Horiek horrela, eskaintza zabala eskainiko diete hiritarrei: ikastaroak, antzezlanak eta ikuskizunak, besteak beste. Gazteria Sailak hiriko hainbat elkarterekin, aisialdi talde zein eragilerekin eta Donostia Kulturarekin batera prestatu dute egitaraua.
Egitarauaren eskuliburu digitala sarean kontsultatu daiteke, ataletan banatuta. Batetik, haurrentzako (0-11 urte) eta familientzako jarduerak daude jasota, eta, bestetik, gazteentzako direnak (12-30 urte).
Irudiari dagokionez, programaren aurtengo kartela Gazteria Sailaren eta Usandizaga Ikastetxeko Diseinu Grafiko Goi mailako Heziketa Zikloaren arteko elkarlanaren emaitza da. Diseinu Zikloko 1. mailako ikasleek hamalau lan prestatu dituzte. Proposatutako diseinuen artean hiru irudi nagusi aukeratu dira aurten programa iragartzen duten karteletarako. Lan guztiak abenduaren 16tik aurrera ikusi ahal izango dira sare sozialetan, Dbusen markesinetan eta Intxaurrondoko kultur etxeko erakusketan.