Auzitegiak atzera bota du Ancorak Arte Ederrak eraikinaren inguruan jarritako helegitea
Eneko Goia alkatea "pozik" agertu da epaiarekin, "erabat babesten duelako udalak ondarearen kontserbazioaren inguruan daraman jardunbidea".
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenak atzera bota du Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak Arte Ederrak eraikinaren lanen inguruan eta hiriko beste etxe historiko batzuen eraisketen inguruan udalaren aurka jarritako helegitea, Eraikitako Hiri Ondarearen Babeserako Plan Berezia (EHOBPB) “zuzenbidearen araberakoa” dela ondorioztatuz. Era berean, argudiatu du Ancoraren eskaerak ez daudela ez “berretsita” eta ez “kontrastatuta”. Horrela, Ancora prozesuaren kostuak ordaintzera kondenatu du auzitegiak.
Epaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkatea “pozik” agertu da: “Epaiak erabat babesten du udalak ondarearen kontserbazioaren inguruan daraman jardunbidea. Oso garbi uzten du irizpide teknikoak eta segurtasun juridikoa direla gure jardueraren gidak, eta hala izan behar du; hori oso garrantzitsua da guretzat”.
Ancoraren jarduna ere kritikatu du alkateak: “Ondarearen babesak edo beste edozein esparruk ez du funtzionatu behar ‘nik uste dut’ edo ‘niri iruditzen zait’ premisen mendean, eta epai honek hori oso garbi uzten du. Gainera, oso garbi uzten du Ancorak aurkeztu duen helegiteak ez duela inolako oinarririk, ez duelako inolako frogarik aurkeztu. Aldiz, baieztatzen du udalak txosten teknikoak eta adituenak txukun aurkeztu dituela”. Gaineratu duenez, “sententzia batean salaketa aurkeztu duena kostuak ordaintzera kondenatzen denean, erantzuna erabat argia eta azken muturrekoa izatean da, eta horrela izan da kasu honetan”.