Udalak 285.000 euro bideratuko ditu etxerik gabeko pertsonentzako Otorduak II programara
2023ko Otorduak II programara 285.120 euro bideratzea onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. “Zerbitzu honen bidez, eguneko menua zerbitzatzen zaie etxerik gabeko pertsonei hiriko ostalaritza establezimendutan. Halaber, establezimendu horietan, erabiltzaileek ogitarteko edo tuper bat jasotzen dute egun horretako afarirako”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Berritasun bat ere izango du Otorduak II programak datorren urtean, izan ere, ohiko tabernez eta jatetxeez gain, etxera eramateko janaria prestatzen duten establezimenduek (take away gisa ere ezagunak) ere parte hartuko dute.
Otorduak II programa “arrakastatsua” izaten ari dela nabarmendu du Goiak: “2021eko ekaina eta abendua bitartean, 58 erabiltzailek jaso zuten Otorduak II programa, eta 12 ostalaritza establezimenduk hartu zuten parte. 2022ko urtarriletik azarora bitartean, berriz, 172 erabiltzaile izan ziren, eta 14 ostalaritza establezimendu laguntzaile. 2020ko urrian hasi ginen proiektua garatzen, eta 2021eko uztailean abian zen”. 172 erabiltzaile izan baditu ere, programak 61 plaza eskaintzen ditu egunean; beraz, egunero ez dute 172 lagunek jaten programari esker, asko jota 61ek jaten dute. “Arrakasta” horren arrazoietako bat “diskrezioa” dela esan du alkateak: “Onuradunak tabernara edo jatetxera sartzen dira, bazkaldu eta alde egiten dute, beste edozein mahaikidek bezala”.
Gogoratu behar da soilik “Donostian gelditzeko asmoa” duten etxerik gabeko pertsonek eta “bestelako laguntzarik jasotzen ez dutenek” jaso dezaketela Otorduak II programaren zerbitzua, alkatearen hitzetan. Horrez gain, “jendearentzat irekita dagoen lokal batean jateko behar diren gizarte trebetasunak izan behar dira”, Goiak gogorarazi duenez. Gaineratu du etxerik gabekoek “egunean gutxienez bazkari bero bat izatea” duela helburu programak.
Kaleko afari solidarioek jarraitzen dute
Otorduak programa abian bada ere, Kaleko Afari Solidarioak taldeko boluntarioek egunero-egunero afariak banatzen jarraitzen dute Parte Zaharrean, Egian eta Amara Berrin. Taldeak bi urte bete zituen azaroan, eta urteurrenaren bueltan egindako agerraldian azaldu zutenez, batez beste, 150 afari banatzen dituzte egunero, hiru auzoak aintzat hartuta. Beraz, Otorduak programak behar batzuk asetzen baditu ere, agerikoa da ez duela asetzen hirian dagoen behar guztia. Hedabide honek kaleko afari solidarioak banatzen dituzten boluntarioen lanari buruzko erreportaje zabala ondu zuen iaz.
Hain zuzen ere, Donostiako Udalak Parte Zaharreko eta Egiako kaleko afari solidarioak jasotzen dituzten herritarren inguruan egindako azterketaren datuak argitaratu zituen ekainean, eta Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak aitortu zuen programa ez dela iristen beharra duten pertsona guztietara. Hori azaltzeko, hiru hipotesi mahai gaineratu zituen San Romanek: “Alde batetik, jendearen parte batek badaki Donostian aurkitu dezakeela beste nonbaiten aurkituko ez duen zerbait [kaleko afariak]. Bestetik, %92a jatorri magrebtarrekoa dela ikusita, kaleko afarietan biltzea lagunekin egoteko momentu bat izan daitekeela. Eta, azkenik, badago beste aukera batzuk dituen jendea, baina, horrela ere, afari hauetara joatea erabakitzen duena. Ez dugu informazio zehatzagoa lortzerik izan, baina hiru hipotesi horiek ditugu”.