Ander Trigos ariko da hizlari moduan Bagerakideak Kontarin
Ipar Amerikako herri indigenen inguruko hitzaldi bat emango du ostegunean, abenduaren 15ean, Bagera elkartearen egoitzan. Adituak izatera iritsi gabe, lana dela, edota zaletasunen bat dela, denok gaude hainbat gaitan bereziki jantzita. Pentsa zer nolako altxorra egongo den Bageraren moduko 500 bat bazkideko elkarte bateko kideengan!
Aberastasun hori Donostiako euskaldunen eskura jartzea merezi duelakoan, Bagera elkarteak Bagerakide kontari egitasmoa abiatzea erabaki du. Asmoa da Bagerakideei eta haien ingurukoei aukera ematea ezagutza hori zabaltzeko, hilean behin, hitzaldi sorta baten bidez. Horiek horrela, eta egitasmoari hasiera emateko, abenduaren 15ean, 18:30ean, Bagera elkartean, lehenengo mintzaldia eskainiko da, Ander Trigosen eskutik.