Morlansen historiari buruzko liburua idatzi du Claudio Artesano historialariak
Morlans auzoaren historia hobeto ezagutzeko Morlans denboran zehar liburua idatzi du Claudio Artesanok (Aiete, 1938). Etnografian aditua da bera, eta 2004an Gure Aiete liburua kaleratu zuen. 2009an, Historia de Aiete a traves de la fotografia ere argitaratu zuen. Horrez gain, Aiete ikastolaren sortzaileetako bat ere izan zen, 1968an.
Morlans denboran zehar liburuak gaskoien iritsiera, gerra gertakarien zenbat ezaugarri, eta, batez ere, auzoko bizimodua aldatu zuten hiru mugarri jasotzen ditu: lehenengo aldiz ura ekartzea Morlansko iturburuetatik Donostiara, Donostiako Udalaren gas fabrika berria instalatzea, eta orduko Ferrocarriles Vascongados konpainiak Bilbo eta Donostia lotzea bide estuko trenbidearekin. Liburua hainbat plano eta argazkiekin osatuta dago, edukia ulergarriagoa izan dadin.
Artesanok gaur goizean aurkeztu du liburua, eta bertan azaldu duenez, hiru zatitan banatuta dago. “Lehenengo zatian, Morlans auzo txikiaren historia errepasatzen da bere sorreratik, Donostiaren sorrera ere badena. Ondoren, XX. mendearen bukaerarainoko gerra gatazkekin jarraitzen du, eta auzoaren paisaia eta bertako bizitza aldatu zuten hiru mugarriak ere azaltzen dira. Amaitzeko, aldaketa horiek auzotarrengan nola eragin duten aztertzen da”, azaldu du Artesanok.
Liburu hau idazteko ideia 2000. urtean otu zitzaion Artesanori, Albako dukesak Donostiako Udalari hirigintza proiektu bat aurkeztu zionean, zeinetan Amara, Aiete eta Morlans auzoen artean dagoen Arbaizenea finkako hamar hektarea ematearen truke, udalak finkako beste lursail batzuk birkalifikatu zituen luxuzko 84 etxebizitza eraiki ahal izateko. “Hortik aurrera, hasi ginen pentsatzen beraien ondarean nolako kalteak jasango zituzten Amara eta Morlans auzoek”, adierazi du Artesanok.
Egilearen arabera, liburuak ez du ikerketa sakon bat izatea bilatzen, ahal den neurrian Morlansen urteetan zehar izan diren gertakariak hobeto azaltzea baizik. “Pentsatzen dugu gure historia osatu duten gertakarien, pertsonen eta mugarrien memoria ahaztea ez dela positiboa. Transmititzen ez den guztia galdu egiten da belaunaldi batetik bestera. Mendeetan zehar existitu zena urte gutxi batzuetan desagertzen da horrela”, nabarmendu du.
Zentzu horretan, Artesanok liburuan adierazi duenez, Donostiako udalbatzak ez dira “oso aldekoak” izan hiriko ondare historikoa defendatzeko: “Aitzitik, interes ekonomikoak eta higiezinen interesak lehenetsi dituzte beti, eta ez diete jaramonik egin herritarrek ondarea kontserbatzearen alde egindako eskaerei”.
Udalaren “utzikeriagatik” ondare asko suntsitu direla azaldu du liburuan. “Horien artean, Morlansko akueduktua eta portu txikia. Morlansko akueduktuak edateko uraz hornitu zuen Donostia. Egia da ez zela akueduktu erromatar handi bat, baina bai harlangaitzezko tamaina handiko eraikin bat. Morlansko portua, berriz, Urumea ibaiaren ondoan zegoen; ikono bat gehiago izan zitekeen hiri turistiko honetan, baina ez zuten salbatu nahi izan”, deitoratu du.
Liburua Miren Azkaratek itzuli du euskarara, eta Donostia Kulturak argitaratu du. Liburu dendetan salgai dago hamahiru euroren truke, eta Donostia Kultura sareko liburutegietan ere eskuragarri egongo da.