Osakidetzako garbitzaileek homologazioaren aldeko lehen greba eguna egin dute
Hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, hiru eguneko greba abiatu dute Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan egin dituzte mobilizazioak. Donostian, ospitalearen aurrean egin dute manifestazioa.
Bost urte inguru daramatzate hitzarmenik gabe, eta enpresekin 50 bat bilera egin dituzten arren, ez dute aurrerapausorik eman. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek langile hauek bizi duten egoera salatu dute: “Langile hauen lan baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea jasotzen du euren hitzarmenak. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joko araua, eta horren arabera jardun dute urteetan. Orain, bai enpresak, bai bezeroa (Osakidetza) homologazio printzipioa urratzen ari dira; are gehiago, sektorean gehiengoa duen Garbialdi enpresak jakinarazi die Osakidetzako zuzendaritzak ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, garapen profesionalaren osagarria, alegia”.
Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen dute azpikontrataturiko langileek. “Garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, errelebo kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak eta abar”, azaldu dute sindikatuek.
Enpresa adjudikaziodunek erantzukizuna Osakidetzako zuzendaritzari zuzendu diote. “Modu horretan, ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada. Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko. Bi urte daramatzagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez digula ezta erantzun”, kritikatu dute sindikatuek.
Gaurkoak ez ezik, biharko eta etziko greba deialdiek “erantzun zabala” izatea espero dute sindikatuek.