Zaporeak egitasmoak jarraitu dezan bazkideak behar dituzte
Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuak elikatzen ditu egunero, eta bazkide bila dabil datorren urtean lan solidarioarekin jarraitzeko ia milioi bat euroko aurrekontua bermatu ahal izateko.
Donostian emandako prentsaurrekoan, Eneko Goia Donostiako alkateak, Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana sukaldariek, Jon Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Foru zuzendariak eta Peio Garcia Amiano Zaporeak erakundearen sortzaileetako batek bazkideak erakartzeko kanpaina aurkeztu dute. Duela urte batzuk sortu zenetik, Gobernuz Kanpoko Erakunde horrek lehen aldiz jarri du abian kanpaina.
Garcia Amianok gogorarazi duenez, Zaporeak Intxaurrondo auzoan hasi zen lanean, lau boluntariorekin eta sei hilabeteko aurreikuspenarekin, eta zazpi urte daramatza Lesboseko sukaldeetatik mila eta bostehun boluntario baino gehiago pasatzen. Adierazi duenez, gaur egun 4.554 pertsona daude harrapatuta Egeoko uharteetan bizi proiektu bat eraikitzen saiatzen.
Azaldu duenez, bazkideen edozein ekarpenek “balio du” pertsona horiei jaten ematen jarraitzeko, “etxera itzuli arte, hori baita nahi dutena, ez digute lana kentzen, gerratik ihes egiten dute”.
Elikagaien bilketa Garberan
Bazkideak lortzeko kanpainaren baitan, elikagaien bilketa egingo dute larunbat honetan Garbera merkataritza gunean. Arroza, olioa, espezieak, galleak, kontserbak eta lekaleak behar direla adierazi dute. Gainera, GKEa Donostiako San Tomas azokan izango da datorren asteazkenean, Gabonetako azokan.