Ancorak "bidegabetzat" jo du Arte Ederrak eraikinaren inguruko epaia
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenak atzera bota du berriki Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak Arte Ederrak eraikinaren lanen inguruan eta hiriko beste etxe historiko batzuen eraisketen inguruan udalaren aurka jarritako helegitea, eta elkarteak “deitoratu” egin du erabakia.
Auzitegiak ondorioztatu du Eraikitako Hiri Ondarearen Babeserako Plan Berezia (EHOBPB) “zuzenbidearen araberakoa” dela, eta argudiatu du Ancoraren eskaerak ez daudela ez “berretsita” eta ez “kontrastatuta”. Ancorak gogorarazi du irabazi asmorik gabeko elkarte bat dela, eta beraz, “ezin” izan duela “peritu baten kontratazioa” bere gain hartu, “kostu ekonomiko handia zuelako”. Bere argudiaketa Monumentuen eta Lekuen Nazioarteko Kontseiluaren txostenean oinarritu zuen, “Unesco erakundearen aholkularitza erakundea eta kultur ondarearen arloko munduko agintari gorena delako”.
“Epaimahaia, modu ulertezinean, udalaren bertsioarekin soilik geratzen da, nahiz eta udalak HOEBPB-a idatzi zuen eta berrikusketa zuzendu zuen arkitekto berari eskatu zion aditu froga; horrek ezgaitu egiten du kasuak eskatzen duen objektibotasun eta inpartzialtasunarekin jarduteko”, gaineratu du ondarearen babeserako elkarteak. Horregatik, Ancoraren aburuz, “epaia guztiz bidegabea” da, “udalak egoitza judizialean aurkeztutako justifikazioak onartzen dituelako, eta errekurritutako administrazio espedienteak zuen motibaziorik eza a posteriori zuzentzeko aukera ematen diolako”.
Eneko Goia alkatea epaiarekin pozik agertu zen asteartean: “Epaiak erabat babesten du udalak ondarearen kontserbazioaren inguruan daraman jardunbidea”, esan zuen. Era berean, Ancoraren jarduna kritikatu zuen: “Epaiak oso garbi uzten du Ancorak aurkeztu duen helegiteak ez duela inolako oinarririk, ez duelako inolako frogarik aurkeztu”. Ancorak alkatearen “irakurketa triunfalista” salatu du: “Epai hori bere ondare kudeaketaren errebalida gisa interpretatzeko eta elkarteak deslegitimatzeko erabili du, euren aldarrikapenek zorroztasunik ez dutela iradokiz, kideen apeta hutsean oinarrituta daudelako. Alkatea oso leku txarrean geratzen da, era horretan gutxietsi egiten baititu ondare arkitektoniko komuna defendatzeko ahalegin desinteresatua egiten duten herritarrak”.
Horrela, nabarmendu dute Ancorako kideek “prestakuntza tekniko nahikoa” dutela: “Ondarearen Katalogoa hobetzeko elkarteak emandako laguntza funtsezkoa izan da, eta eskaera asko Eusko Jaurlaritzak edo Aldundiak bermatuta daude, duela gutxi Loiolako kuarteletan ikusi den moduan”. Era berean, salatu du Goiak alkatetzan daramatzan bi agintaldietan “100 higiezin baino gehiago suntsitu” direla, “horien artean 25 hiribildu historiko, eta baieztatu egin da Aldamar 1 eta Villa Celayenea ere botako dituztela”.
Horren guztiaren aurrean, Ancorak “eskertu” egin du “donostiar askorengandik jasotzen ari den babesa” , baita bere abokatuaren “lan bikaina” nabarmendu ere. Era berean, azaldu du epaia apelatzeko aukera aztertzen ari dela, eta gogorarazi du Arte Ederrak eraisteko lizentziaren aurkako beste errekurtso bat oraindik Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegian dagoela.