Belartzako harriak erretiratzeko iragarpena mesfidantzaz hartu du Belartza 2 Gelditu plataformak
Nekane Arzallus hirigintza zinegotziak astelehenean iragarri zuen Belartza Goikoa eremuko harriak kenduko dituztela, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia betetzeko. Albistea mesfidantzarekin hartu du Belartza 2 Gelditu plataformak, eta “erne” egongo direla adierazi dute. Plataforma Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Naturkonek eta Añorgako herritarrek osatzen dute.
Hilaren 10ean hiru urte eta erdi bete ziren EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuenetik Belartzako betelana ilegala zela. Lau hektareako legez kanpoko isurketa erretiratu eta eremua lehengoratu behar zela ebatzi zuen. “Isurketa handi hori 2016ko udaberrian egindako obretatik datorrela” gogorarazi dute, Valeriano Urrutikoetxea enpresak Mercadona eta McDonalds kokatzeko egindako obretatik. “Udalak legez kanpo baimendutako materialak isurtzeaz gain, obrak ez ziren salbuetsita egon salatu ziren irregulartasun segida luze batetik”, nabarmendu du plataformak.
Kaltetuek adierazi dute ez dutela Arzallusek esandakoari buruzko jakinarazpen ofizialik jaso, eta baikortasunez baina “mesfidantzaz” hartu dute albistea. Era berean, nabarmendu dute Hirigintza zinegotziaren adierazpenek ez dute argitzen zenbat denbora beharko den Belartza lehengoratzeko: “Ez dugu uste epairik bete gabe epe partzialak edo osatugabeak kendu eta atzeratzeko maniobra berri bat izan daitekeenik; izan ere, alde batetik, udal gobernuarentzat deserosoa den errealitate bat konponduko luke datozen hauteskundeei begira, eta, bestetik, etekin ekonomiko pixka bat emango lioke enpresari, materialak partzialki berrerabiliz”.