Hezkuntza sistema "ikasleen neurrira" egon behar dela aldarrikatu dute
Ikama antolakundeak deituta, ikasle mobilizazioak egin dituzte Bilbon, Iruñean eta Donostian, Zuenak ez digu balio, hezkuntza gure neurrira lelopean; “ehunka” lagun egon dira, Ikamaren arabera. Hezkuntza sistema “ikasleen neurrira” egon behar dela aldarrikatu dute, eta, zehazki, hezkuntzak “feminista, euskalduna, inklusiboa eta ekologista” izan behar duela. Donostiako manifestazioa Parte Zaharreko kaleetatik ibili da, eta Bulebarreko kioskoan egin dute bukaerako irakurketa.
Bestelako eredu baterako ezinbesteko lau gako nabarmendu ditu Ikamak: “Hezkuntza feminista, genero eta sexu rolekin amaitu eta, zaintzan oinarrituz, pertsona ororentzako espazio segurua izango dena; euskalduna, Euskal Herriak ardaztuko duena, hizkuntza, historia eta kulturaren transmisioa bermatuz; inklusiboa, segregaziorik gabeko heziketa prozesu duin baterako aukera izateko klase sozial, sexu, arraza, erlijio zein bestelako ezaugarriek inor baldintzatu gabe; eta ekologista, momentuko egoera kritikoki aztertu eta bizimodu sostengarri berriak eraiki ahal izateko, ikasleen kontzientzia piztu eta ama lurraren ezagutza bermatuz”.
Pedadgogia eredua “goitik behera” aldatu behar dela gaineratu du antolakundeak, eta ikasleen “egoera psikosoziala kontuan izango duen eta ikastetxeetako kontrol sozialarekin bukatuko duen eredua” behar dela. Ildo horretatik Eusko Jaurlaritza sortzen ari den hezkuntza lege berriarekin “desadostasuna” adierazi dute: “Izan ere, ez du aurrerapauso nabarmenik ematen eta ikasleon beharrak ez dira kontuan hartzen. Gainera prozesuan zehar ikasleon hitza ez da kontuan izan”.
Horrela, “hezkuntza patriarkalaren baliogabetasuna eta hezkuntza feminismotik eraikitzeko beharra” mahai gaineratu dute bukaerako irakurketan. Era berean, “neska* ikasleak ikastetxeak ere inposaturiko genero eta sexu roletatik at espazio seguruan” egon behar direla aldarrikatu dute, baita “osasun mentala erdigunean” jarri behar dela eta “zaintza lanak aitortu” behar direla ere.
Horrez gain, ikasleen “eusk(ah)alduntzean hutsunea” dagoela salatu dute, eta performance baten bidez, agerian utzi nahi izan dute “Espainiako eta Frantziako Estatuen menpekotasunarekin bukatzeko eta Euskal currikulum osatu bat izateko beharra”.