Hilaren 19an banatuko dituzte 2023ko udal egutegiak
Altzako Udalinfo bulegoan, Udal Musika eta Dantza Eskolan, kultur etxeetan eta udaletxean eskuratu ahal izango dira.
Donostiako Udalak 2023ko udal egutegiak banatuko ditu doan datorren astelehenean, hilaren 19an. Banaketa Altzako Udalinfo bulegoan hasiko da 09:00etan, Udal Musika eta Dantza Eskolan 10:00etatik aurrera, eta 10:30etik 13:30ak arte udaletxean –Alderdi Ederretik sartuta–. Kultur etxeetan goiz eta arratsaldez eskuratu ahalko dira, eraikin bakoitzari dagokion ordutegiaren barruan. Betiere, aleak agortu bitartean.
Idoia Unzurrunzaga Llach argazkilariak egin ditu 2023ko udal egutegian agertzen diren argazkiak. Unzurrunzagak 2020ko apirilean, pandemia garaian, 360 gradutako 200 argazki egin zituen Donostian. Material horretatik sortu zen Hirian izenburua, hogei irudiz osatutako serie bat. Serie horretako hamahiru argazki dira udal egutegia osatzen dutena. Parte Zaharra eta Kortazar zabalguneko pasealeku, plaza, kale, monumentu eta zumardietan barrena egindako irudiak azaltzen dira egutegian.
Egutegiak soberan geratuko balira, abenduaren 22tik aurrera eskuratu ahal izango dira aipaturiko banaketa lekuetan.