Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeko 53 hautagai aurkeztu dituzte
Besteak beste, Agifes, Ancora, Aranzadi, Easo koroa, Gautena, Jatorkin, Ur Kirolak, Azu Muguruza, Iñaki Salvador, Iñaki Gabilondo, Karlos Argiñano, Lola Horcajo, Tomas Hernandez eta Xabier Zabaleta
Donostiako Udalak 2023ko Hiritar Merezimenduaren Dominak jasotzeko hautagaien berri eman du. Guztira, 338 hautagai proposatu dituzte hiritarrek eta udal taldeek; 331 pertsona eta zazpi elkarte. Errepikatutakoak eta baldintzak betetzen dituztenak baztertuta, 53 hautagai onartu dituzte. Zerrenda osoa helbide honetan kontsultatu daiteke. Bozeramaileen Batzordeak datozen egunetan erabaki beharko du hautagaitzen artean.
Iazko datuekin alderatuta, hirukoiztu egin da proposamen kopurua. Izan ere, 102 hautagaitza proposatu zituzten. Horietatik, 48 onartu zituzten, eta domina bosti ematea erabaki zuten: Añorga KKE, Kresala Zinekluba, Zurriola Antzerki Eskola, Jose Maria Leclercq eta Bidegin. Urtarrilaren 19an, San Sebastian egunaren bezperan, egin zuten dominen ekitaldia Viktoria Eugenia Antzokian.