Marrus inguruko baratzeak lehiaketara atera ditu udalak
Donostiako Udalak lehiaketara aterako ditu Marrus inguruko baratze publikoak. Hala, eskabideak aurkezteko epea irekiko du; abenduaren 16tik urtarrilaren 22ra izango da.
Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi du 88 baratze emango direla orain, baina Marrusen bigarren fasean ere izango direla beste baratze batzuk, eta datorren urtean izango dela haiek eskuratzeko bidea. “Baratze publikoen programa honekin tokiko nekazaritza eta bertako produktuen autokontsumoa sustatu nahi ditugu, eta ohitura osasungarriak garatu ere bai, herritarren eskura jarri ditugun lursail publiko hauen bidez”, adierazi du Garmendiak.
Baratzeak urtebeterako emango dira, bost urtera arte luzatzeko moduarekin. Kupo hauek izango dira zozketatuko diren 88 baratzeetan: hiru baratze, gizarte laguntzako elkarteentzat; hiru baratze, elbarritasunen bat duten pertsonentzat; zortzi baratze, 18 eta 30 urte bitarteko pertsonentzat; 47 baratze, 31 eta 60 urte bitarteko pertsonentzat eta 27 baratze, 61 urte baino gehiagoko pertsonentzat.
Publikoki jakinaraziko da oraingo baratzeak emateko zozketaren eguna, baina bigarren fasekoak prest izandakoan, oraingo zozketan itxaron zerrendan geratutako pertsonei emango zaizkie haiek.
Baratze publikoak dira, txikienak 49 metro koadro ditu eta instalazio komun batzuk ere bai: armairu batzuk dituen txabola, erremintak gordetzeko biltegia eta hainbat aska. Baratzea erabiltzeko prezio publikoa 60 euro izango da urtean, eta 100 euroren fidantza ere jarri beharko da. Esleipenaren epea bukatutakoan edo titularrak uko egin eta lursaila behar bezala dagoela ikusitakoan itzuliko da fidantza.