Norah Jones, Ben Harper eta Nubya Garcia, 58. Jazzaldiko artisten artean
58. Jazzaldiko kartela Roskow artista donostiarrak egin du, 2017an egin zuen moduan.
58. Jazzaldia forma hartzen hasi da, eta kartela eta ordainpeko programazioa aurkeztu dituzte dagoeneko, baita sarrerak salgai jarri ere. Jon Insausti Kultura zinegotziak nabarmendu du “oso itxura ona” duela 2023ko Jazzaldiak. Azaldu duenez, egitarauari dagokionez, “gainditutako erronken Jazzaldia” izango da. Uztailaren 21etik 25era egingo dute Jazzaldia, eta sarrerak eta abonamenduak salgai daude dagoeneko, Viktoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, Kursaalekoan (auditorioko emanaldietakoak soilik) eta Donostia Kulturaren eta Jazzaldiaren webguneetan.
Kartelari dagokionez, Fernando Huarte Campion Roskow artista donostiarrak egin du, eta Insaustik nabarmendu du “hiriko ilustratzailerik onenetakoa” dela, baita “hiria hoberen ilustratzen duenetakoa” ere.
“Historiako egitarau onenetakoa”
Miguel Martin Jazzaldiko zuzendaria pozik agertu da kartelarekin eta egitarauarekin: “Jazzaldiaren historiako kartelari historiako egitarau onenetakoak lagunduko dio. Erronka handia izan da kartela bezain egitarau ona egitea”. Ordainpeko egitaraua da aurkeztu dutena, hau da, San Telmo museokoa, Viktoria Eugenia Antzokikoa, Kursaalekoa eta Trinitate plazakoa. Aipatzekoa da, halaber, 2023an ere Keler garagardo marka donostiarra izango dela Jazzaldiaren babesle nagusia, hirugarrenez.
San Telmo museoan pianista japoniarrak izango dira nagusi, 2023a Euskadi-Japonia urtea izango baita, Martinen hitzetan. “Pianista japoniarren ziklo bat egiteko, pianista japoniarren legenda ekarri behar genuen: Yosuke Yamashita”, azaldu du zuzendariak; 21ean eta 22an joko du Yamashitak, 81 urterekin. Gainontzeko egunetan Eri Yamamoto, Kento Tsubosaka eta Hakuei Kim ariko dira museoko klaustroan. Viktoria Eugenia Antzokian, aldiz, JazzEñe Espainiako Estatuko jazzaren zikloko artistek joko dute, baina oraindik zehaztu gabe daude.
Kursaalari dagokionez, Norah Jones izango da izar nagusia, eta 22an joko du. Martinek azaldu duenez, “urteak” daramatzate bere atzetik, eta azkenean lortu dute ekartzea. Ben Harperrekin (23an joko du) ere antzeko zerbait gertatu dela adierazi du zuzendariak: “Ez dakit zenbat aldiz deitu diedan bere agenteei azken hogei urteotan”. Bestalde, Kenny Barron pianoaren legendak irekiko du Kursaaleko programazioa, eta Pat Metheny Side Eyek eta Rocio Marquez & Bronquiok joko dute azken bi egunetan.
Trinitate plazan, aldiz, esperientziadun musikariak eta gazteak uztartuko dituzte. Besteak beste, Julian Lagek, Bill Frisellek, Abdullah Ibrahimek, Nubya Garciak eta Joss Stonek joko dute.
Bestalde, urteroko legez, tokiko taldeen hautaketa prozesua egingo dute aurten ere Jazzaldirako. Dagoeneko Euskal Herriko hamabost talde hautatu dituzte, eta urtarriletik martxora kontzertu bana eskainiko dute, agertoki hauetako batean: Altxerrin, Viktoria Eugeniako Klub aretoan edo Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan. Ondoren, hamabost talde horietako hamarrek Jazzaldian joko dute.
Roskowren ‘Free Jazz’
2017an gertatu zen moduan, Roskow artista donostiarrak egin du 2023ko kartela: Free Jazz. 2017an, Trinitate plazako kontzertu bat irudikatu zuen artistak kartelean, eta kontzertuko hainbat eszena irudikatu zituen, bederatzi laminatan. Oraingoan, Kursaalaren ondoko kontzertu bat irudikatu du, eta guztira lau lamina egin ditu: “Neurridunagoa izan naiz oraingoan”.
Roskowk berak azaldu duenez, duela urte batzuk egindako zirriborro batetik atera da kartelaren ilustrazioa: “Emakumezko dantzari bat marraztu nuen orduan, baina emakume hori saxofoi jotzaile bihurtu dut, eta beste musikari batzuk gehitu dizkiot. Era berean, marrazkia hirian eta gauean kokatu dut, hori iradokitzen baitut jazzak”. Horrez gain, “oso pozik” agertu da berriz ere Jazzaldiarekin elkarlanean aritzeagatik: “Abuztuaren 31ko kalean jaio nintzen, gaztaro gehiena Parte Zaharrean egin nuen, eta Jazzaldia beti egon da presente nire bizitzan. Orain konturatu naiz nik 59 urte ditudala eta Jazzaldiak 58; beraz, garaikideak izan gara [barrez]”.
NFT formatuan eskuragarri
Iaz egin zuten moduan, aurten ere Jazzaldiko kartela NFT formatuan eskuratu ahalko da. Iaz 57 ale jarri zituzten eskuragarri, doan; aurten, aldiz, ordainpekoak izango dira NFT-ak. Ilustrazio bakoitzeko 58 NFT jarri dituzte salgai (guztira, 232 ale, alegia), kartel nagusikoak 100 euroan eta besteak 80 euroan; laurak erosi nahi izanez gero, %20ko deskontua egingo dute: 272ko prezioa izango du paketeak. Gogoratu behar da NFT-ak artelan digital moduko batzuk direla, kripto munduan gero eta zabalduagoa dagoena.
NFT bat erosten duena, nolabait artelan horren jabea da eta kripto munduan prezioak etengabe aldatzen direnez, espekulaziorako bide ematen dute. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Jazzaldiko NFT-en kasuan, aldiz, ordainketa ez da kriptotxanponekin egingo, euroekin baizik. Beraz, prezioa finkoa da.
Bakarts enpresarekin elkarlanean sortu dituzte NFT-ak, Polygon sarearekin lan eginez. Jazzaldiaren arabera, sare horren teknologiari esker, “energia kontsumoa izugarri murrizten da transakzioetan eta NFT-ak sortzeko prozesuetan”. Bakarts enpresaren webgunean erosi daitezke NFT-ak, eta erosle bakoitzak Roskoww bera buru duen Los Hormigones taldeak Jazzaldian eskainiko duen kontzerturako bi sarrera doan eskuratzeko eskubidea izango du. Kontzertu horren data eta ordua zehazteke daude oraindik.