166 posturekin itzuliko da San Tomas eguneko azoka
Bi urtez San Tomas eguneko azoka antolatu ezinik egon ostean, azoka Donostiara itzuliko da datorren asteko asteazkenean, hilaren 21ean; aurkezpena egin dute ostiral goizean udaletxean. Askotariko jarduerak antolatu ditu Donostiako Udaleko Festak sailak egun horretarako, hala nola, Emakumeen Aizkolarien V. Kopa, bertso saioa, haurrentzako ikastaroak eta jolasak, erromeria Bulebarrean, Donostialdeko ezti lehiaketa, barazki eta fruitu lehiaketa eta txistorra edo txorimalo lehiaketa. 10:00etatik 21:00etara, jarduera ugari egingo dituzte hirian, eta egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Bestalde, jakina den moduan, Roxaito izango da aurtengo txerria, eta Konstituzio plazaren erdian egongo da, 10:00etatik 20:00etara. Plazako arkupeetan, ohiko legez, 54 postu egongo dira, produktu tradizionalak eskainiko dituztenak: taloak, txistorra pintxoak eta ogitartekoak, eta abar.
Parte Zaharretik harago ere iritsiko da festa, eta hiriko beste auzo batzuetan ere jarriko dituzte postuak, hainbat elkartek egindako lanari esker. Horrela, guztira, 166 postu egongo dira hirian.
Ohiko postuez gain, lore eta landare postuak ere jarriko dituzte, Elkano kalean. “Azokaren gabon proposamena zabaltzeko helburuarekin, garai honetako landare, lore eta apaingarriak gozatu eta erosi ahal izango dira, Endanea eta Urtinea enpresa gipuzkoarren eskutik. Lore lehor artisauen atalean aurten ere eguzki loreak izango dira”, azaldu du udalak.
Jaiaren jasangarritasuna
Udalak azaldu duenez, “jaiak garbiagoak eta jasangarriagoak izan daitezen” lanean jarraitzen dute. Horregatik, 45.000 edalontzi berrerabilgarri egin dituzte, eta txistorra eta talo postuetarako olioa biltzeko bidoiak jarriko dituzte, baita edukiontzien zerbitzua indartu ere. Horrez gain, “hondakin gutxiago sortzeko beharrari festa giroa emateko”, trikita ibiltari bat antolatu dute Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleetan beira biltzeko.