Bizitza oso bat musikari emana
Duela hogei urte ezagutu zuten elkar Jesus Etxebeste Bereauk eta Iñaki Revuelta Lertxundik. Geroztik, hara eta hona ibili dira hainbat ekitalditan parte hartzen; harmonika jotzen lehena, kantuan bigarrena. Baina bakoitzak bere aldetik ere ibilbide oparoa du, biek baitaramate musika eurekin, doazen lekura doazela.
Bien artean 40 urteren aldea egonagatik –Etxebestek 86 urte ditu, Revueltak 44–, sintonia ezin hobea dute elkarren artean. Etxebestek musikan bere hastapenak nolakoak izan ziren kontatu du, artean Revuelta jaio gabe zela: «San Luiseko koroan hasi nintzen, La Sallen». Herrerakoa izanda, Gabonetan kantuan ateratzen ziren Herrera eta ingurutik. Bidebieta jauregian ere kantuan egona da, orain Gaiztarro moduan ezagutzen dugun tokian zegoena: «Belenarekin-eta sartzen ginen jauregira, eta nik haluzinatu egiten nuen: guk gure baserrian dutxarik ere ez genuen, eta bertan ardo gozoa eta gauza pila bat ematen zizkiguten».
Ez du gogoratzen noiz hartu zuen harmonika estreinakoz, baina 20 urterekin behintzat hasia zen jotzen: «Kuadrillan arraunlariak ginen, eta ni dagoeneko harmonikarekin joaten nintzen». Instrumentu hori zergatik hautatu zuen ere ez daki, hemen ez baitago ohitura handirik, baina badu susmorik: «Garai haietan akordeoia gustatzen zitzaidan, baina, noski, etxean ezin genuen akordeoi bat erosi, dirurik ez zegoelako. Harmonikak har hori asetzeko balio izan zidan, akordeoiaren aldean askoz merkeagoa baitzen». Ordutik hona, «beti» harmonikarekin egon dela aitortu du, eta dakien guztia bere kabuz ikasi du. Tarte batez baino ez dio jotzeari utzi: bere gurasoak hil zirenean: «Ni gazte nintzela hil ziren, eta hainbesteko tristura hartu nuen, ezen zenbait urtez egon bainintzen harmonika jo gabe; gero berrartu nuen».
Urte luzez komertzial lanetan aritu zen Etxebeste, anaiarekin batera esnekiak saltzen, eta ofizioan zela ezagutu zuen Revuelta, harakina bera: «Nire harategira etorri zen, eta biok kantuan aritzen ginela komentatu genuen». Hortik aurrera, festetan kantatzen hasi ziren, baina, hogei urteko ibilbidean, askotariko ekitaldietan hartu dute parte. Revuelta: «Aquariumarekin asko lan egin dugu, Vicente Zaraguetaren oso lagunak ginen. Juan Carlos Irizar pianistarekin ere jo dugu». Rafa Gorrotxategi gozogilearentzat abestu berri dute pasa den urrian, Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais elkartera sartzeko Azkoitiko Intxausti jauregian eginiko ekitaldian: «Berarentzat oso egun garrantzitsua zen». Etxebestek ere gogoan ditu eginiko emanaldiak: «Gernikan abestu dugu, Muskizen, Orzaizen, Periko Solabarriaren omenaldian…».
Ahaztuak ahanzturan gera ez daitezen
Dena den, zerbaitengatik nabarmendu baldin badira, hori memoria historikoari lotutako omenaldietan parte hartzeagatik izan da. Ahaztuak elkartearekin elkarlan sendoa izan dute azken urte hauetan, eta Txiki eta Otaegiren aldeko omenaldietan izan dira, esaterako. Gisa horretako azken ekitaldia azaroaren 26an egin zuten, Altzan, Mikel Zabalzaren heriotzaren 37. urteurrenaren harira.
Ekitaldi horiek guztiak, gainera, dirurik jaso gabe egin dituzte, «ezta nahi ere», Etxebesteren hitzetan. Revuelta ados dago baieztapen horrekin: «Harro gaude bide hori urratu izanaz». Izan ere, horrek harrotasun moduko bat sortzen die biei, jendeak euren jarduna baloratzen duela ikusten baitute. Etxebeste: «Niri negargura sartzen zait jendeak esaten didanean ‘Ene, Jesus, nola abesten duzun!’. Ni horrekin geratzen naiz, nahikoa zait».
Jotzen duten errepertorioaz galdetuta, azkar erantzun du Revueltak: «Gehienak Benito Lertxundirenak jotzen ditugu, bera da gure erreferente nagusia». Etxebesteri aurpegia alaitu zaio Revueltak aipatu dionean abeslari oriotarrak Errege Egunez kontzertua emango duela Kursaal jauregian. Gainera, Juan Mari Mañero kazetariari esker Lertxundiri berari abestu zionekoa memorian ondo iltzatuta dauka Revueltak. Benito Lertxundiren abestiez gain, beste hainbat euskal artistenak ere jotzen dituzte, Mikel Laboa, Anje Duhalde edota Xabier Leterenak, besteak beste. Ez dutela entseatzen dio Etxebestek, «bihotzarekin» jotzen dutela, eta horrek ahalbidetzen diela jendearengana iristea.
Hala ere, urte hauetan guztietan ez dira bakarrik egon, eta inguruan izan dituztenak ere gogoan eduki nahi izan ditu Revueltak: «Asko izan dira tartean-tartean gurekin kolaboratu izan dutenak. Nire anaiak, Beñat Revueltak, adibidez. Azkenaldian Juan Mari Aizpuruk asko laguntzen digu, gitarrarekin. Iñaki Lopez de Luzuriagak ere bai. Bera izan zen ni kantatzera animatu ninduena».
Norberaren proiektu pertsonalak
Biek ala biek barren-barrenean daramate musikaren harra, eta horrek beste bide batzuetan murgiltzera eraman ditu. Etxebeste Trintxer Zar abesbatzako kide da egun, «kantatzea ere asko gustatzen» baitzaio, eta Revueltak ere baditu beste proiektu batzuk. Beñat anaiarekin batera duen Revuelta Anaiak izenekoa, kasu. Rock talde bat ere baduela aipatu du, Rock Kam Broom: «Kamioi baten gainean aritzen gara jotzen, AC/DC, Neil Young eta horrelakoak». Porrontxoetan izan ohi dute urteroko kontzertua, baina urte batean Errenteria-Oreretako Madalen Jaietan gertatutako bitxikeria bat ere kontatu du: «Andoni Luis Aduriz igo zen gure kamioira, Mugaritz jatetxeko sukaldaria». Gainera, hortik Mugaritzerako kontratatu zituzten gero, jatetxearen 20. urteurrena zela eta: «Hantxe joan ginen kamioiarekin».
Sona handiko artistak izan ditu taldekide Revueltak: «Pelax gure baxu jotzailea izana da, eta Andoni Olaetxeak ere gurekin jo zuen. Baina, gero, hain onak direnez, euren bidea egin dute orain». Hain zuzen, talentudun gazteek musika munduan bidea egiteko dituzten zailtasunak azpimarratu ditu Revueltak, maila instituzionalean dituzten laguntza apurren ondorio: «Beti gaude kanpora begira, eta hemengo kulturari ez zaio garrantzia handirik ematen. Gustatuko litzaidake profil horretako jendeari laguntza eta erraztasun handiagoa ematea».
Bien bitartean, Etxebestek eta Revueltak euren bidea egiten jarraituko dute; nork berea, batzuetan, eta elkarrekin, besteetan. Hurrengo hitzorduak dagoeneko nahiko lotuta dituzte. Revuelta: «San Tomas egunean Grosen arituko gara, Txofre plazan; eta Luis Mokoroak, Gastronomikako lehendakariak, urtarrilean edo otsailean zerbait egin nahi duela esan dit».