EH Bilduk Amara Berrin bukatuko du saihesbidea eraldatzeko prozesu parte hartzailea
EH Bilduk urtarrilean abiatu zuen Bariantea eraldatu: espazioak irabaziz, bizitza irabaziz egitasmoa, GI-20 saihesbidea eraldatzeko proposamen bateratu bat garatzeko helburuarekin, ondoren proposamen hori udalean aurkezteko; 2023an proposamena aurkezteko konpromisoa hartu du alderdiak.
Egitasmoa abiatu zutenetik, saihesbideak zeharkatzen dituen auzo guztietan parte hartze prozesuak egin ditu EH Bilduk, eta Amara Berrin egingo dute azkena. Hain zuzen ere, auzoko eragileekin bilerak egiten ari direla jakinarazi dute, eta bihar, hilaren 17an, erakusketa egingo dutela Madril etorbidean. Horrez gain, prozesua amaitzeko, batzar irekia egingo dute hilaren 20an, Ernest Lluch Kultur Etxean (18:00); edonor joan ahalko da batzar horretara. Amara Berriz gain, besteak beste, Intxaurrondon, Aieten eta Altzan ere egin dituzte parte hartze prozesuak, eta lehenengo ekarpenen berri eman zuten irailean.
EH Bilduren ustez, “Amara Berri eraldaketa handi baten atarian dago”. Izan ere, “topoa Errondon lurperatzeak eta Loiolako Erriberako geltoki intermodaleraino estaltzeak, saihesbide zaharra ekobulebar bihurtzearekin batera, aukera berriak irekitzen dituzte Amara Berriko kaleetarako etorkizun atseginagoa diseinatzeko”.
Era berean, “Amara Berriren berritzea berrartzeko garaia” dela nabarmendu dute: “Berritze horren mugarri nagusietako bat Karlos I.aren hiribidea aldatzea izan zen, 2011-2015 legegintzaldian. GI-20 saihesbide zaharra Donostiako beste hiribide bat bihurtzen denean, erreiak kenduko dira eta horrek aukera emango du bidegorriaren bidez Amara Berri eta Altza, Añorga, Antigua, Intxaurrondo, eta abar lotzeko. Horrek erabateko aldaketa ekarriko luke Donostia osoko mugikortasun ereduan. Gainera, trenbideak lurperatuz gero, herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko espazioak berreskuratuko dira. Azken finean, Amara Berriko erakargarritasun ekonomiko eta soziala areagotzea ekarriko du honek guztiak”.