Fernando Elejalde preso donostiarra Euskal Herriratuko dute
Horrela, Donostiako preso bakarra gelditzen da Euskal Herriratzeke: Faustino Marcos Alvarez.
Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dute beste zazpi euskal preso Euskal Herriratuko dituztela, tartean Fernando Elejalde Tapia donostiarra. Elejalde Leongo Mansilla kartzelan dago (370 kilometro), eta Gipuzkoako, Bizkaiko edo Arabako “dagokion” espetxera lekualdatuko dute, Espainiako Espetxe Erakundeek azaldu dutenez. Orain, Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailaren eskuetan dago zer espetxetara eramango duten erabakitzea.
Elejalde 1997ko martxoaren 17tik dago espetxean, 30 urteko zigorra betetzen. Hain zuzen ere, 2019ko irailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak; 22 urte eta erdi, alegia. Gaur egun, beraz, ia 26 urte daramatza espetxean.
Elejalderen Euskal Herriratzearekin, Donostiako preso bakarra gelditzen da Euskal Herriratzeko: Faustino Marcos Alvarez (Zaragozako Daroca espetxean dago, 345 kilometrora).
Beste seiak
Donostiarraz gain, beste sei presoren lekualdatzeak iragarri dituzte. Bost hauek Gipuzkoako, Bizkaiko edo Arabako espetxeren batera eramango dituzte : Jose Luis Barrios Martin (Iruñeko espetxean dago), Jose Ignazio Krutxaga Elezkano (Leongo kartzelan dago, 370 kilometrora), Jesus Maria Etxebarria Garaikoetxea (Leongo kartzelan dago), Fernando Gartzia Jodra (Leongo kartzelan dago) eta Daniel Pastor Alonso (Zaragozako espetxean dago, 345 kilometrora). Bestalde, Francisco Ruiz Romero Leongo espetxetik Iruñekora eramango dute.