Ibarrolaren siluetek 30 urte
Intxaurrondon hazi diren haur gehienak jolastu dira noizbait Gabriel Celaya plazako ‘Siluetak’ eskulturan, zulo batetik bestera pasatuz, zirrikituetan ezkutatuz, eta abar. Bada, Intxaurrondokoentzat erreferentziazkoa den eskultura horrek 30 urte bete ditu.

Intxaurrondo gaur egungo azalerarekin ezagutu dute beti hainbat belaunaldi donostiarrek, baina ez da beti horrela izan, zona berriak 50 urte baino gutxiago baititu. Hain zuzen ere, 1978rako, Intxaurrondo berria urbanizatuta zegoen; errepideak eta kaleak eginda zeuden. Ordea, 1980ko hamarkadaren bukaerara arte edo 1990eko hamarkadaren hasierara arte, ez zen mugimendu handirik egon errepide eta kale horietan, eta zona horri Las autopistas deitzen zioten herritarrek.
Labur azalduta, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza publikoak eraiki zituen urte haietan Intxaurrondo berrian, eta orduan jaio zen gaur egungo auzoa. Etxebizitza publikoak sustatzeaz gain, eremu horretan hainbat eskultura jarri zituen Jaurlaritzak, arte garaikidea herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin: Monolitoa, Siluetak, Ume-jolas eta Formak hazkuntzan.
Eskultura horietatik, esanguratsuenetako bat da Agustin Ibarrola artistak (Basauri, Bizkaia, 1930) Gabriel Celaya plazan egindako Siluetak, eta 30 urte bete ditu aurten.

Pablo Sorozabal plazako ‘Monolitoa’ eskultura, Equipo 57 artista taldearena. (Argazkia: Beñat Parra)
1980ko hamarkadatik
Eusko Jaurlaritzak 1988an eskatu zion Ibarrolari auzo berrirako eskultura bat egiteko, eta 1992an eman zituen fruituak eskaera horrek, urte hartan inauguratu baitzen Siluetak obra. Bizkaitarrak plaza horrentzako espresuki egin zuen eskultura, eta, gainera, eremua urbanizatzeko garaian, plaza diseinatu zuen arkitektoarekin elkarlanean aritu zen. Bitxikeria gisa, eskultura dagoen tokian Altza herriko Zarategi baserria zegoen garai batean, hortik pasatzen den pasealekuari izena ematen diona.
Corten altzairuzkoa da eskultura, eta hainbat tamainatako giza formen siluetak moztuta dituen xafla handi bat da. Ibarrolaren obra ugari ukigarriak dira, herritarrak obrarekin jolastera gonbidatzen dituzte, eta gauza bera gertatzen da Siluetak-ekin. Hain zuzen ere, asko eta asko dira 30 urteotan silueten zuloetatik sartzen eta ateratzen jolasean ibili diren Intxaurrondoko haurrak.
Bestalde, berezia da Ibarrolaren obra hori Gabriel Celaya plazan egotea, plazari izena ematen dion poetak eta artista bizkaitarrak elkarrekin militatu baitzuten Alderdi Komunistan, klandestinitatean. Celayak poema bat ere eskaini zion Ibarrolari, 1967an: A Agustín Ibarrola.
Ibarrola presente Intxaurrondon
Siluetak obraz gain, Ibarrolak baditu beste eskultura batzuk Intxaurrondon bertan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 1980ko hamarkadako azken urteetan bultzatutakoetatik, soilik Zarategi pasealekuaren eta Baratzategi kalearen arteko biribilguneko Formak hazkuntzan obrak ez dauka zerikusirik Ibarrolarekin. Koldobika Jauregirena da eskultura hori, eta 1994an inauguratu zuten.
Beste bietan, Ume-jolas eta Monolitoa obretan, presente dago Basauriko artista. Ume-jolas, esaterako, berea da. Hasiera batean, Jaurlaritzak Ricardo Ugarte artistari eskatu zion plaza horretarako eskultura, baina aldeak ez ziren akordio batera iritsi, eta, azkenean, Ibarrolak aurretik eginda zuen eskultura hori eraman zuen; 1991ko azaroaren 29an inauguratu zuten.
Monolitoa-ri dagokionez, Equipo 57 artista taldearena da, eta Pablo Sorozabal plazan dago, 1990eko uztailaren 23tik. Juan Cuenca, Jose Duarte, Angel Duarte, Juan Serrano eta Ibarrola bera ziren talde horretako kide nagusiak, eta Jaurlaritzak enkargua egin zienean, 1963an egindako Monolitoa jarri zuten plazako biribilgunean, Ibarrolaren bidez.