Kalapiek bizikletaren bizitza luzatzeko gakoen inguruko mekanika tailerra egingo du
Larunbatean Kalapie Donostiako Gabonetako azokan izango da, autobus geltokiaren ondoan dagoen karpan. 11:00etan, Bizikletaren bizitza luzatzeko gakoak izeneko mekanika-tailerra emango dute. “Gure bizikleta zaintzeko trikimailu batzuk azalduko ditugu eta erabiltzaileen zalantzak argituko ditugu”, azaldu dute ohar batean.
Ondoren, 12:00etan Bizikleta, garraio iraunkorra hitzaldia emango dute Hitzaldi honetan, Kalapiek ia 30 urteko historian bizikletaren alde egin duen lanari buruz hitz egingo dute: “Bizikletaren erabilerak dituen onurei buruz ere hitz egingo dugu, eta munduko beste hiri batzuetan egiten ari diren praktika on batzuk erakutsiko ditugu”.
Goiz osoan zehar, Kalapieko kideak Gabonetako azokan izango dira, harrera egiteko eta herritarrek behar duten edozein informazio argitzeko.