Nork bere burua ahalduntzeko abentura bat
Jon Lorentek (Egia, 1981) eta Maite Rosendek (Intxaurrondo, 1991) lau eskutara sortu dute ‘Guruyi’, euren lehen komikia. Haurrak yogaren munduan murgiltzeko liburu bat da, eta osagarri moduan yoga praktikatzeko jolas bat sortu dute karta sorta baten bidez.
Sanskritoz, Indiako hizkuntza zaharrean, maisu esan nahi du guruyi hitzak. Ziur asko, lehen kolpean, yoga maisu bat imajinatzen dugunean, bizar zuri eta luzeko gizon tunikadun bat bat irudikatuko dugu, baina Jon Lorenteren eta Maite Rosenderen komikiko guruyia oso bestelakoa da, berezia, haren bila Himalaiaraino joango den haur taldea bezainbeste; besteak beste, puntarik gabeko letaginak dituen banpiro bat, beti umore txarrez dabilen pailazo triste bat, sentsibilitate handiko momia arrosa bat… Elkarrekin urrutiko mendietara joango dira haren etxera iritsi arte. Yogaren sekretuak irakatsiko dizkie Guruyik, barrura begiratu eta barneko kemena landu dezaten.
Lasaitasuna lortzeko tresna bat
Yogari buruzko haurrentzako istorio bat sortzeko ideia Lorenterena izan da. Beretzat yoga funtsezkoa da: «Lasaitasuna lortzeko modu bat da niretzat, tresna bat». Orain yoga oso modan dago, baina gogoratu du lehen ez zela horren ohikoa yoga egitea. «Nire ikaskide batekin batekin topo egin nuen behin. Meditazioaz hitz egin nionean galdetu zidan ea sekta batean nengoen. Nik nahiko nuke yoga normalizatu. Ni umetan oso sentibera nintzen, eta orduan gustura hartuko nukeen yogaren berri jakitea eta yogarekin konektatzea. Ume guztiak dira bereziak, baina agian badaude batzuk sentikorragoak direnak, eta hauentzat agian lagungarria izan daiteke».
Gaur egun irakaslea da 802 yoga estudioan, eta haurrentzako yoga eskolak ematen ditu Herri Ametsa ikastolan. 2016an hasi zen irakasle moduan, haurrekin lehendabizi: «Haurrekin errazagoa iruditu zitzaidan, harreman ona dut beraiekin. Ordea, haurren klaseetarako material gutxi topatu nuen». Hain zuzen, berarentzat hori izan da komiki bat egiteko «aitzakia», haurrei yoga gerturatzea: «Komikizalea naiz, eta banekien inoiz komikiren bat eginez gero yogari buruzkoa izango zela».
Maite Rosende ilustratzailea izan du bidaide lehen komikia egiteko erronka honetan. Haren lanaren zalea da Lorente, eta hari proposatu zion berak buruan zuen ideia elkarrekin egiteko. Rosendek liburuak ilustratzeko eskarmentua badu, baina hau bere lehen komikia izan da. Sekulako erronka izan dela azaldu du: «Niretzat hau berria izan da, binetekin lan egitea. Gainera, pertsonaiak ez dira nik asmatutakoak. Jonek erakutsi dizkit Indiara egin dituen bidaietako argazkiak, bere guruyiaren eta haren familiarenak ere bai».
Yoga, jolasaren bidez
Komikiaren abiapuntua izan da yoga praktikatzen ikasteko karten jokoa. Lorentek yoga erabiltzeko karta jolas bat eskuratu zuen ingelesez, eta ikasleekin probatu zuen: «Jolasaren bidez lortzen duzu haurrek yoga egitea, oso ondo funtzionatzen du. Arnasketa ariketak, kontzentrazio ariketak, posturak bikoteka, postura indibidualak… Karten alde batean praktika egiteko marrazkiak daude, eta horiek egiteko azalpen guztiak datoz beste aldean».
Rosendek marraztu ditu kartetan ageri diren pertsonaiak, eta, ondoren komikian gehiago garatu dituzte. «Pentsatu genuen kartak ikusi ondoren haurrek agian gehiago jakin nahiko zutela protagonisten inguruan, eta istorio horiek garatu ditugu komikian. Aldiz, kartetan zehazten da komikian zeharka ageri den yogako entrenamendua». Horrela lortzen baitute liburuko pertsonaiek yogi txiki bihurtzea, nork bere burua ahalduntzeko bidean aurrera egitea.
Kolore biziekin sortu ditu Rosendek yogi txikien abenturak: «Nire estiloa ez da errealista, baina marrarekin eta koloreekin ondo moldatu naiz gorputzak eta posturak marrazteko». Gainera, marrazkiei testura berezi bat ematea lortu du Rosendek, koloretako kartulinak digitalizatuz: «Kolore batzuk aukeratu nituen, eta eskaneatu egin nituen. Asko gustatzen zaizkit kartulinen koloreak eta testura, eta hori dago liburuko ilustrazio guztien oinarrian».
Komikia egitea, bide zaila eta luzea
Proiektuak gorabehera handiak izan dituela aitortu dute, eta aurrera egitea asko kostatu zaiela: «Asko ikasi dugu. Pandemian asko aurreratu ahal izan genuen. Esperientzia polita izan da, baina babes ekonomikorik gabe oso zaila izan da». Euskaraz Denonartean argitaletxearekin plazaratu dute euren lana.
Espero dute euren lanaren bidez haurrek yogarekin konektatzea. «Guruyik yogaren onurak azaltzen dizkie komikian. Oso mentalak garen pertsonentzat tresna ona dela uste dut. Mentala izatea da gauzei buelta gehiegi ematea. Eta haurrei azaltzen diegu zein tresna dauzkagun desatseginak diren momentu horietatik ateratzeko. Yoga buruko zarata baretzeko tresna bat denontzat, haurrentzat ere bai».
Haurrak eta yoga klaseak
Umeekin asko ikasten duela kontatu du Lorentek, nahiz eta askotan ez dakien irakasten asmatzen ote duen: «Umeekin asko ikasten dut, baina ez da erraza. Energia asko behar da, lan gogorra da. Banpiroak bezalakoak dira, energia asko kentzen dizute». Eta Rosendek, bat-batean: «Jende asko da banpiroa, haurrak bakarrik ez» [barrez].
Yoga posturak zailak direnean hor haurrak erraz sartzen dira jokoan, baina kontzentrazio barrura eramatea, kostatzen zaie». Batzuetan sorpresak ere hartu ditu: «Ariketa bat erakusten diezu, badirudi ez zaiela gustatu, ez zaude ziur, baina gero konturatzen zara erabiltzen dutela etxean». Umeek barruan duten hori kanpora ateratzeko kirola oso ona dela dio Lorentek, baina yoga ere baliagarria dela uste du, barruko hori ateratzeko, eta detaileei erreparatzeko. Eramaten zaitu detaile txikietara eta autoezagutzara».
Euskaraz argitaratu dute Denonartean argitaletxearekin, eta jada salgai daude komikia (5 urtetik aurrerako haurrentzat) eta yogako karta jokoa. Tobacco Days liburu dendan eta Groseko 802 yoga estudioan eskura daitezke , besteak beste.
Gaztelaniaz, frantsesez eta katalanez ere eskuragarri dago komikia, Mamut argitaletxearen bidez.