'Estel' obrak argiztatuko du Kursaala Gabonetan
Kursaal jauregia eta Tabakalera elkarlanean aritu dira bigarren urtez, Kursaaleko fatxada Gabonetako argiztapen sorkuntza digitaleko obra bat izan dadin. Fatxada hilaren 22an piztuko da, 18:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da ikusgai, egunero 18:00etatik 22:00etara.
Alba G. Corralen bigarren pieza da egunotan Kursaalean proiektatuko dena; 2022ko irailean, Entremaliat instalazioa aurkeztu zuen bertan. Eraikinarekin elkarrizketa bat sortu zuen arte generatiboko pieza izan zen hura, argia paisaiaren beste elementu bat bezala erabiltzen zuena. Oraingoan, Katalunian bizi den artistak Estel izeneko pieza garatu du. Hitz hori astroekin lotzen da eta zeruan ikusten den edozein “gorputz zerutiar eta distiratsuri” erreferentzia egiten dio.
Instalazioa programazio-algoritmoekin eta pintura digitalaren teknika denbora errealean erabiliz sortu da, eta zeruan irudizko astroen fintasuna, pintzel digitalen magia eta izar-partikulen lehergarritasuna kontatzen ditu. Aurreko obraren kasuan bezala, orain aurkezten den 7 minutu eta 42 segundoko lana, Medialab Tabakaleran garatu da.