Osakidetzak elkarrizketarako deia egin du, Donostialdeko ESIko zerbitzuburuekin bilera izan ostean
Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Perezek lehenengo bilera egin zuen atzo Osasun Sailarekin kritiko diren Donostia Ospitaleko zerbitzuburuen ordezkariekin, eta krisia bideratzeko hitz egiten jarraitzeko deia egin du.
Bilera Donostiako Ospitalean egin zuten 08:00etatik hasita, eta goiz osoa iraun zuen. Bi aldeetako batek ere ez zuen emaitzaren baloraziorik egin.
Zerbitzuburuen taldeko iturriek jakinarazi dutenez, asteazkenean, lehenengo orduan, barne-batzarra egingo dute Donostia Ospitalean, Osakidetzako zuzendaritza nagusiarekin izandako lehen bileraren berri emateko.
Bestalde, Osasun Sailak adierazi du bilera “ondo” joan dela eta “sentsazio onekin” amaitu dela, eta, beraz, “elkarrizketaren ildoan lanean” jarraituko dutela.