Salamanca pasealekuko baranda berritzeko milioi bat euro inguru bideratuko dute
Donostiako Udalak gaur onartu du Salamanca pasealekuko baranda berritzeko proiektua. 998.240 eurokoa da aurrekontua, eta sei hilabeteko epea ezarri dute. Gutxi gorabehera, 200 metroko baranda zatia berrituko dute, Kursaal zubiaren eta Pasealeku Berriko sarbidearen artean.
Baranda birjartzeaz gain, botaolak birgaitu eta eremu berean dauden farolak ordezkatuko dituzte. Era berean, kontra hormak espaloiaren zolan ainguratuko dituzte, argiteriarentzat kanalizazio berria egingo dute eta baldosak berrituko dituzte.
Kontxako barandaren antzera, Salamanca pasealekukoa ere Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB) babestuta dago. Horrela, berritze prozesua Kontxako barandaren jatorrizko zatiekin egin denaren oso antzekoa izango da.