Giro ezin hobean itzuli da San Tomas eguna
Bi urteko etenaldiaren ostean, San Tomas eguna normaltasunean eta giro bikainean ari dira ospatzen Donostian.
Plaza Berrian 10:00etan hasi da azoka, eta askotariko elikagaiak dastatzeko aukera dago bertan: txistorra pintxoak, taloak, euskal pastelak, gazta tartak… Donostiako artisauak ez ezik, inguruko herrietako baserritarrak ere etorri dira gaur hirira, euren baserrietako fruitu, barazki eta gaztak saltzera, besteak beste.
Ane Zeberio, adibidez, Hernaniko Arriatzu baserritik etorri da barazkiak saltzera. “Gure birramonak hasi ziren baserrian barazkiak ekoizten, eta betidanik etorri izan gara Bretxako merkatura. San Tomas egunez ere, garai bateko usadioa berreskuratu eta nortasun hori mantendu nahi dugu, eta azken urteetan garaian garaiko barazkiak saltzera etorri gara”, adierazi du. Bestalde, Kresala dantza taldekoek ere ez dute gaurko hitzordua galdu nahi izan. Txistorra pintxoak eta edariak saltzen ari zen Aimar Ezeiza, dantza taldeko kidea: “Pare bat urteren ostean, lortu dugu berriro postua jartzea San Tomas egunean. Guretzat garrantzitsua izaten da, hemen ateratzen dugun dirua atzerrian dantzatzeko bidaiak ordaintzeko erabiltzen dugulako. Jendea berriro gozatzera etortzea aurreikusten dugu, eta diru pixka bat lortzea espero dugu”.
Goizean, XXVI. Euskal Herriko txistor lehiaketa ere egin dute Gipuzkoa plazan. Horrekin batera, txistorra pintxoak saldu dituzte, eta ateratako irabaziak Zaporeak proiektura bideratuko dituzte. Pello Garcia Amianorekin, Zaporeaken sortzaileetako batekin izan gara, eta lehiaketaren nondik norakoak azaldu dizkigu. “Aurtengo txistor lehiaketan 20 parte hartzaile ditugu, eta oso maila ona espero dugu, Euskal Herriko txapelketa delako. Gaurkoa oso egun berezia da, eta lehiaketa antolatzeaz gain, txistorra saltzeko postu bat jarri dugu, errefuxiatuentzako dirua lortzeko. Horretarako, duela bi urte lehiaketa hau erosi zuen Orioko Kepa Loidiri erosi diogu txistor guztia”, nabarmendu du.
Hala ere, eguneko protagonista Roxaito txerria da gaur. Aizarnazabalgo Larraxko baserrian jaio zen, urtebete du eta 200 kilo pisatzen ditu. Goizean goizetik, haurrek, gazteek eta helduek ez diote begirik kentzen txerriari Konstituzio plazan. Orain arte, Leitzako Kristina Saralegik hazten zituen San Tomas egunean Donostiara ekartzeko txerriak, baina haren heriotzaren ostean, Basatxerri kooperatibak jaso zuen horretarako proposamena. Kooperatibako ekoizpen arduraduna eta Larraxko baserrikoa da Manuel Eizagirre, eta hark hazi du Roxaito.
Jendea kalean festarako gogoz dagoela nabaritzen da, eta asko baserritarrez dotore jantzita atera dira, San Tomas eguna behar bezala ospatzeko.
Jarraian ikus ditzakezue egunean zehar ateratako argazkiekin osatutako bideoa eta irudi galeria: