Gross garagardotegiak 'Gabon Beltza' festa egingo du hilaren 23an
2022. urtea behar bezala bukatzeko, Donostiako Gross garagardo lantegiak Gabon Beltza izeneko festa antolatu du. Ostiralean izango da Igaran duten egoitzan –Pilotegi kalea, 8. zenbakia–, 19:00etatik aurrera. Janari eta edari ugari, disko jartzaileak, lagunak eta giro ederra egongo dela iragarri dute.
Eguberri jaia egin nahi zuten, Gabonak gustuko dituztelako, baina zerbait desberdina izatea nahi zuen Andoni Galdos gerenteak: “Buelta txiki bat eman diogu egun hauetako jaiari, eta ‘Gabon Beltza’, ‘Gabon Satanikoa’ edo ‘Gabon rockeroa, metaleroa’ egingo dugu”.
Bi garagardo berri aurkeztuko dituzte festan, negurako prestatu dituztenak. “Asko dira urte honetan egin ditugun garagardo berriak, baina negukoek beti dute ukitu berezia, hotz handiko uneotan primerakoak baitira edateko, gorputza, zaporea eta izaera berezia duten edariak dira eta”, azaldu du Galdosek. Horietako bat Winter Bock izenekoa dela aurreratu du, 6,6 graduko lager garagardoa: “Alemaniako estiloko birra da, neguko garagardoetan inspiratua, malta ugariduna, txigortu ukituaz; litrotan edateko, baina neguan”.
Iluna eta rock kutsukoa
Gabonetako festaren dekorazioa iluna eta rock kutsukoa izango dela diote antolatzaileek. Gainera, ukitu berezia emango diete zerbitzatzen dituzten garagardoei. Zehazki, Poking teknika aplikatuko diete. “Gori-gori dagoen metalezko xafla segundo batzuez edarian sartzean datza, malta pixka bat gehiago karamelizatzeko, gozoago bihurtzeko”, esan du Galdosek.
Bi barra egongo dira edaria zerbitzatzeko, Grosstoberfest jaiak izan zuen arrakasta ikusita. Izan ere, garagardotegiak urtaro bakoitzeko festa bat egin ohi du. Irailean izan zen Grosstoberfest jaia, eta orain Gabon Beltza festaren txanda da.