75.000 lagun inguru batu ditu Donostiako San Tomas azokak
75.000 lagun inguru batu ziren atzo Donostian, San Tomas eguna ospatzeko. Jon Insausti Kultura zinegotziak positiboki baloratu du atzoko jaia, eta feria “normaltasunean” ospatu zela adierazi du. “Postu guztiak muntatu ziren goizeko lehen ordutik, eta programatutako jarduerak aurreikusitakoaren arabera garatu ziren”, nabarmendu du.
Eguraldiak salmentetan “eragin erabakigarria” izan zuela azaldu du, eta goizean goizetik azokako gune ezberdinak apurka-apurka jendez betetzen joan zirela. “Azoka lasaia izan zen, jende pilaketa handirik gabea, eta giroa oso desberdina izan zen postuak jarri ziren plaza guztietan: Gipuzkoa, Okendo eta Zuloaga plazetan familiak izan ziren goizean goizetik. Gipuzkoa plazan Gabonetako erosketaren bat egiteko, edo ohiko taloa edo txistorra bokata kontsumitzeko elkartu zen jendea; Okendo plazan animalien erakusketak eta Zuloaga plazan txorimalo lehiaketak eta programatutako haur jolasak izan ziren protagonista”, adierazi du.
Bestalde, Alde Zaharreko plazetan jende helduagoa egon zen, eta Bulebarrean ere jende ugari bildu zen, “batez ere oinezkoen eremua oso zabala delako”. “Kalkuluen arabera, 75.000 pertsona inguru ibili dira Azokako espazioetan”, nabarmendu du Insaustik.