Donostiako Udalak 207 lanpostuko LEPa aktibatu du behin-behinekotasunarekin amaitzeko
Donostiako Udalak hainbat motatako 207 lanpostu egonkortzeko deialdirako prozesua abiarazi du. Neurriak 10/2021 legeari erantzuten dio, izan ere, lege honek enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak ezartzen ditu.
Alde batetik, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen behin-behineko langileekin etenik gabe bete diren lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez beteko dira (174 lanpostu). Bestetik, 2020ko abenduaren 31 baino lehenagoko hiru urteetan gutxienez etenik gabe behin-behineko langileekin bete diren lanpostuak oposizio-lehiaketa bidez eskainiko dira (33 lanpostu).
Gobernantza, Ogasun eta Finantza zinegotzi Kerman Orbegozok adierazi duenez, “honek esan nahi du mota ezberdinetako 59 deialdi jarriko direla martxan, eta hainbat betekizun eta titulazio behar direla horietarako”. “Deialdien artean, goi-mailako titulazioa beharko duten lanpostuak egongo dira: besteak beste, arkitektoa, administrazio orokorreko teknikaria, ingeniaria, edo albaitaria”, gaineratu du. Halaber, erdi-mailako teknikarien zenbait plaza ere beteko dira: gizarte-laneko teknikariak, harreman publikoetakoak, berdintasun teknikariak, basozainak edo eskoletako atezainak, adibidez.
Deialdi bakoitzean ateratzen den lanpostu kopurua 2022ko maiatzaren 25eko 98. zenbakiko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu zen. Deialdi, titulazio, hizkuntza-eskakizun eta abarren berariazko eskakizunak deialdi bakoitzaren oinarrietan ikusi ahal izango dira. Oinarri horiek Tokiko Gobernu Batzarrean onartu ondoren, aurtengo abenduaren 31 baino lehen argitaratuko dira GAOn.
Horren ostean, langileen enplegua egonkortzea ahalbidetuko duten lehen deialdiak egiten hasiko dira, prozesu desberdinen bitartez. Deialdi guztiak 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira.