Bihar, hilak 23, Donostian Kutxa Kultur Plazan dantza garaikideko bi emanaldi antolatu ditu Katapulta plataformak: Lo que pasa mientras, Analógica Konpainiarena (Rocío Tejeda eta Olaia Valle) eta Remedios Vals, Jone Amezaga del Frago eta Manu Gaigne Beobideren sorkuntza. Ekitaldia, Donostiako Kutxa Kultur Plazan izango da, 19:00etan hasita.
Lo que pasa mientras sorkuntza prozesuan dagoen duo koreografiko bat da, Rocio Tejedak eta Olaia Vallek sortua. “Mugimenduaren artea oinarri izanda, erorketari buruzko ikerketa zizelkatu bat egitea dute helburu. Piezaren asmoa esperientzia iraunkor bat sortzea da; hainbat espaziotara egokitu eta hainbat kolektiborekin partekatu ahal izango dena. Prozesu honen bidez, erorketan murgiltzea bilatzen dugu, ezereza onartuz, erortzen utziz, hutsera. Xehetasun txikietan arreta jartzea da ideia nagusietako bat, eszena sinplifikatuz, komunitatea sortuko duen espazio eta soinu-giro bat bilatuz, eta gure arteko zaintzaren beharra balorizatuz.”
Remedios Vals lanean honako esperientziaz jabetu dira sortzaileak: “Etengabe gertatzen zaigun zerbait da. Guk bals batekin erantzuten dugu zentzugabekeriaren erreinuan topo egin arte. Bilatu eta bilatu, probatu eta probatu. Eta hala ere, hasierako ideiara itzultzeko sentsazioarekin. (Edo) ideia ona da, (edo) ez duzu hoberik. 3/4ko konpasez betetako zentzugabekeriak hunkitu egiten gaitu, mugitu egiten gaitu. Bare dagoenean itsasoa mugitzen den bezala. Etengabe deszifratzen dugu gure hizkuntza, lortzen dugu eta berriro hasten gara. Arriskatu gaitezen gure kodea biluzik eta gordinik erabiliz. Sagarra laguntzeko itxaropenarekin. Hau Remedios Vals da, dantzatuko dugu?”