Olentzerok eta Mari Domingik Donostiako kaleak zeharkatuko dituzte larunbatean
Haurrek gutunak eman ahal izango dizkiete, hilaren 24an, 15:30etik aurrera Udaletxeko Udalbatza Aretoan.
Abenduaren 24an Donostian izango dira, aurten ere, Olentzero eta Mari Domingi. Tradizioari jarraiki, goizeko 10:30ean Katxola baserritik aterako dira eta hiriko hainbat auzo bisitatuko dituzte ibilgailu klasiko batean. Mikrobus batean joango diren Galtzagorriak eta trikitilariak izango dituzte bidelagun.
Goizean Easo Plaza, Anoeta Estadioa, Arteleku Plaza, Sagastieder Plaza eta Harria Parkea bisitatuko dituzte, 13:55ean Groseko Katalunia Plazara iristeko. Arratsaldean, 15:30etik aurrera, umeen gutunak jasoko dituzte Udaletxeko Pleno Aretoan. Bertan egongo dira 17:30ak arte. Tarte horretan tailerrak eta gaztain erreak eskainiko dira Udaletxeko terrazan.
Gutunak edo marrazkiak oraindik egin ez dituzten haurrek udaletxeko terrazan prestatu ahal izango dituzte. Halaber, baserritarrez jantzita badoaz, Gero Axularreko kideen laguntza izango dute zapia, abarkak edo gerrikoa ezin hobeto jarrita eramateko. Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira osoko bilkuren aretora, heldu batek lagunduta. Bestetik, aurreko urteetan bezala, Olentzerok eta Mari Domingik zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen-urritasunak dituzten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin askatasunez komunikatzeko.
Aurtengo desfilea bereziki ikusgarria izango dela adierazi du udalak, pertsonaia mitologikoz eta Gabonetako elementuz beteta. Besteak beste, lamiak, Mari, Tartalo, Otsoko eta Sorgina izango dira Olentzero eta Mari Domingiren laguntzaileak. Guztira 551 lagunek desfilatuko dute eta 1.000 kg gozoki baino gehiago jaurtiko dituzte, zeliakoentzat egokiak. Ikatz gozoa ere banatuko dute, Olentzero ikazkina dela gogorarazteko.
Ohiko desfileari 18:00etan emango zaio hasiera Ijentean, eta honako ibilbide hau beteko du: Hernani, Askatasunaren Hiribidea, Loiola, San Martzial, Getaria, Txurruka, Gipuzkoa Plaza, Elkano eta Boulevard. Amaiera 19:00etarako aurreikusita dago, Alderdi Ederren. Ordu horretan bikoteak bertan bildutako donostiarrak agurtuko ditu.