Zuzendarien eta langileen batzorde bat osatuko dute Donostiako ESIan
Osakidetzako zuzendari Rosa Perezekin bilera egin ostean, Donostiako ESIko zerbitzuburuek jakin dute beraien aldarrikapen nagusiak errespetatzeko asmoa duela Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak. Beraz, ia hiru aste hasitako krisia bideratzeko moduan legoke. Astelehenean egin zuten bileraren ostean, erabaki zen Donostia erreferente bakarra izango dela aurrerantzean ere peritoneoko minbizian. Jon Zabaleta medikuak langileei helarazi dienez, “baikor” daude, nahiz eta “zehaztasunak” nahi dituzten. Urtarrilaren 18an beste bilera bat izango dute Osakidetzako zuzendaritzarekin.
Berriak jakinarazi duenez, medikuburuen eta Osakidetzako zuzendarien arteko batzarraren ostean, erreferentzialtasunaren auziaz gain, badago beste berritasun bat ere. Zuzendariek eta langileek osatutako batzorde bat eratzeko bidea zabaldu da. Izatez, legeak jasotzen du batzorde hori eratu behar dela, eta, bileraren ondoren, ESIaren lerro estrategikoak finkatuko lituzkeen talde mistoa osatzea aurreikusten dute. Batzordeko ordezkariak nola aukeratuko diren negoziatzen ari dira orain, eta langileek argi dute soilik zuzendaritzak aukeratutako ordezkariak nahi dituztela.
Bestalde, argi geratu da minbiziaren kontrako Hipec teknika soilik Donostiako ESIan egingo dela, orain arte bezala, eta horrek erreferentzialtasunari eutsiko dio minbizi jakin batzuen aurkako tratamenduan.
Donostiako ESIko medikuburuen beste kezka bat Onkologikoa Osakidetzako sarean nola txertatuko den jakitea da, eta, zentzu horretan ere, aurrerapausoak eman dituzte. Onkologikoa Donostiako ESIaren barruan txertatzea nahi dute zerbitzuburuek, “eta ez irla baten moduan jardutea”.