Bideo eta argi ikuskizuna, San Telmoko fatxadan
Donostiako Gabonetako kanpainak datorren astetik aurrera San Telmo museoko fatxada nagusian bideomapping ikuskizun berri bat estreinatuko du. Proiekzioaren edukia Gabonetako elementu eta ikonografiari buruzkoa izango da, argi eta soinu joko ikuskizun baten bidez aurkeztua, eta horrez gain, gure inguruneko, kulturako eta hiriko elementu propioak azalduko dituena.
Garapen Ekonomikoko zinegotzia den Marisol Garmendia adierazi duenez, “urtero, Gabonetako izpirituak mundu osotik bidai luze bati ekiten dio, planetako txoko guztietatik bere magia eramanez. Gure hirietara heltzen denean kale eta etxeetan barrena ibiltzen da, pertsonen bihotzetara iristen”.
Ikuskizuna abenduak 27tik urtarrilak 4ra arte gozatu ahal izango da, eta emanaldiek ordutegi hau izango dute: 18:30-19:00-19:30-20:00-20:30-21:00 eta 21:30.
Ikuskizunak ahalik eta iluntasun gehien behar duenez, Museoko leihoak aldi baterako estaliko dira eta inguruko argiak itzaliko dira.