Bizikletan, elurretan, mendian, itsasoan zein igerilekuan
Bakarkako kiroletan ez dira batere makal ibili donostiarrak, eta nabarmentzekoak dira hainbaten lorpenak.
Lucas Egibar snowboarderra Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetan lehiatu zen urte hasieran, eta diploma olinpikoarekin itzuli zen Donostiara, zazpigarren postuan bukatuta.
Txirrindularitzari dagokionez, nabarmentzekoa da Donostialdea Bizikletan taldeko Yago Agirrek aurten egindakoa. Izan ere, gazte mailako Espainiako txapeldun izan zen, eta 46. postuan bukatu zuen Munduko Txapelketa.
Igeriketan, Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire donostiarrak ondo lehiatu ziren Portugalgo Munduko Txapelketan, eta hiruna domina eskuratu zituzten.
Ur kirolekin jarraituz, aipatzekoa da Ainhoa Tolosak aurten egindakoa. Izan ere, kayak surfeko eta waveskiko Munduko Txapelketak irabazi zituen.
Azkenik, Sara Alonsok denboraldi bikaina egin du, besteak beste, Golden Trail Series zirkuitua hirugarren postuan bukatuta.