Korrika eta Euskaraldia, euskararen giltzarriak
Euskararentzat urte garrantzitsua izan da aurtengoa, izan ere, gure hizkuntzaren aldeko egitasmo indartsuenetarikoak egin dira: 22. Korrika eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Lehenengoa martxoaren 31n hasi zen Amurrion, eta Donostian amaitu zen apirilaren 10ean. Egun horretan, bost orduz ibili zen Korrika Donostiako kaleetan barrena, ia auzo guztiak zeharkatuz. Denbora horretan guztian, 130 eragilek eta norbanakok baino gehiagok hartu zuten lekukoa, eta denetarik izan zen: une hunkigarriak, dibertigarriak, ikusgarriak, eta abar.
Bestalde, hirugarren Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Donostian jaia aurreratu eta ariketa sozial masiboaren hasierako ekitaldia hilaren 17an ospatu zuten Bulebarrean hiriko ahobiziek eta belarriprestek. Euskaraldiaren mezua irakurri zuten Tanya de la Cruzek, Iñaki Salvadorrek eta Sua Enparantzak. Mezuaren ostean, txapak janzteko “zeremonia” egin zuten, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoristen eskutik.