Liskarra MS-ren eta AZGA-ren artean

Mugimendu Sozialistaren (MS) eta ezker abertzalearen arteko talka eta liskar nabarmenak izan dira herri askotan, bereziki uda honetan, jaietako txosnen harira. Donostian, liskar handia izan zen ekainean Parte Zaharrean, MS-ko kide batzuen eta Alde Zaharreko Gazte Asanbladako (AZGA) batzuen artean. Hain zuzen ere, MS-ko kide batzuk Kijera gaztetxe ohian zegoen materiala ateratzera joan ziren, udalaren baimenarekin. AZGA-ko kide batzuk ere bertaratu ziren, eta MS-koei leporatu zieten beraiena ez zen materiala ere ateratzen ari zirela gaztetxe ohitik. Orduan gertatu zen liskarra.
Aste hartako larunbatean, bi borroka izan ziren Parte Zaharrean, AZGA-ko eta MS-ko militante hainbaten artean, eta MS-ko beste herrietako militanteek ere parte hartu zuten borroketan. Bestalde, AZGA-ko kide batek MS-ko militante bat jipoitu zuen bere etxeko atarian; AZGA-k pertsona hori kanporatu zuen gazte asanbladatik.
Gertakarien larritasuna ikusita, agerraldi bana egin zuten AZGA-k (auzoko hainbat eragileren babesarekin) eta MS-k, eta biak «hitz egiteko prest» agertu ziren.