Martirien Mausoleoaren esanahia aldatuko dute

Martirien Mausoleoa beti egon da Polloen: gurutze bat, 36ko gerran hildako zenbait frankisten hilobiak eta euren omenezko plaka. Iñaki Egaña historialariak mausoleoari buruzko ikerketa egin zuen duela 30 bat urte, baina urteotan ezer gutxi hitz egin da gaiari buruz. Hedabide honek mausoleoari buruzko erreportaje bat argitaratu zuen 2020an, eta Dinamita Tourreko Itsaso Bikuñaren iritzi artikulu bat 2021ean. Horren harira, EH Bilduk iradokizuna aurkeztu zuen udalean, eta udalak mausoleoren inguruko ikerketa eskatu zion Aranzadiri.
Ikerketa egin zuten, eta hamazazpi miliziano antifrankistaren gorpuzkiak identifikatu zituen mausoleoan; ordea, ezin dira handik atera. Beste 70 bat gorpu daude han, oraindik identifikatu gabe; udalak asmoa du 2023an Aranzadiri beste ikerketa bat eskatzeko, gorpu horien harira.
Horrela, plaka frankista kendu zuten maiatzean, eta gunearen esanahia aldatuko dutela iragarri zuten irailean: Jaurlaritzak hamazazpi milizianoen izen-abizenak jasoko dituen plaka bat jarriko du, eta udalak eskultura bat, legealdia amaitu baino lehen.