Normaltasun berria
Normaltasunerako itzuleraren urtea izan behar zuen 2022ak. Baina normaltasun berriak zaharraren antza gehiegi ez ote duen galdetzen dugu. Zeren ez da batere normala gure normaltasun berri hau, ezta?
Hizkuntza gutxitu eta gutxietsi bat besterik ez dugu, eta ingurura begiratuta gero eta gutxiago dira ezagutzen ditugun denda, taberna eta bizilagunak. Zahartzen ari den hirian bizi gara, baina etengabe ari dira berritzen asfaltoak, fatxadak, zubiak eta lurrazpiak. Soldatak ez bezala, etxebizitzaren, elikagaien eta energiaren prezioa etengabe ari da igotzen; Donostia bihurtu da bizitzeko hiririk garestiena.
IRUTXULOKO HITZA-n garaia kontatzea dugu erronka, eta garaian nahasi hauetan ere argia bota nahi dugu ilun dauden eremuetan.
Hiriko kultur eragile eta elkarteekin harremanak estutzen saiatzen gara, ahalik eta gertuen jarraituz haien egitasmoak eta elkarlanak sustatuz. Auzoetako jaiak itzuli diren honetan, adibide ona da egindako lana: irutxuloko hitza da auzoko jai guztiei jarraipena egin dien hedabide bakarra. Jai txiki zein handi, komunitatearen sorreran duen garrantzia nabarmentzen dugu.
2022an egindako proiektu garrantzitsuenen artean, Ongi Etorri Eskolara elkartearekin sortu dugun ‘Ongi Etorri Auzora’ egitasmoa aipatu nahiko genuke. IRUTXULOKO HITZA-n kulturartekotasuna lantzeko tresna gisa. Tokiko kazetaritzak zubiak eraikitzen lagundu behar duela uste dugu, komunitateen arteko harremana sustatuz. Donostiako euskalgintzak erronka handia du norabide horretan, eta guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu.
Iritzi atala berritzen ari gara ere, ahots berriak ekartzen saiatzen gurera. Astero ekartzen dugu gurera hiriko ahots ezberdin bat, aniztasunari balioa emanez. Gure komunitatea gaztetzeko eta emakumeen presentzia handitzeko lanean ari gara etengabe.
Halako anormaltasun kroniko batera ohitzea aukera izan daiteke akaso. Normaltasunik ez dugulako nahi. Eskerrik asko beste urtebetez, normaltasunetik aldendu eta IRUTXULOKO HITZA babesten duzuen orori.