Omicronen kutsatzeez jositako urte hasiera

Pandemiako seigarren olatuarekin hasi genuen urtarrila, eta, EAEn, 320 pertsona hil ziren urte hasieran arrazoi horregatik. Horietatik 75 azken astean, gainera. Omicronen iritsierak kutsatzeen errekor guztiak hautsi zituen, eta, Gabonek ere izan zuten eragina, noski. Txertaketa masiboak, Donostian Ilunbeko txertodromoan egin zutenak, kutsatze kasu gehienak heriotzak ez bihurtzea eragin zuen ordea, neurri handi batean.
Kalean, murrizketak edonon topa zitezkeen. Urtarrilaren 28ra arte, merkataritza, kultura, ostalaritza eta antzeko establezimendu guztiak gehienez 01:00ak arte egon zitezkeen zabalik. Era berean, espazio horietako gehienezko edukiera %60 zen, eta ezin zitekeen zutik kontsumitu tabernetan eta jatetxeetan. Gainera, gehienez hamar pertsonako taldeak elkartu zitezkeen barruan eta terrazetan. Horrez gain, kutsatzeak ekiditeko, sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili behar zuten maskara erabilera publikoko edozein espazio itxitan. Aire zabalean ere nahitaez erabili behar zen, pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia mantendu ezin bazen.