Saldu gabe geratu da Illunbe
Moyuak eta Altuna y Uriak osaturiko aldi baterako enpresa elkarte adjudikaziodunak 17 milioi euroren truke erosi behar zuen aipaturiko eremua.
Donostiako Udalak ez du lortu Illunbeko eremu komertziala saltzea –zezen plaza salbuetsita dago–. 22 milioi eurokoa zen –22.006.276 euro– lehiaketa publiko bidez zehaztu zuten salmentaren prezioa. Horietatik 17.100.000 euro eskudirutan ordaindu behar ziren, eta 4.906.278 euro jarri behar ziren bide loturak egiteko. Ordea, udalak ez du diru hori jasoko.
Are gehiago, 2016an egindako akordioaren bidez, Moyuak eta Altuna y Uriak osaturiko aldi baterako enpresa elkarte adjudikaziodunak 17 milioi euroren truke erosi behar zuen aipaturiko eremua. Ordea, udalak kopuru hori ordaintzeko enpresa elkarteari hiru luzapen eman ostean, hilaren 22an, ordainketa egiteko azken data iraungi da behin betiko. Hau da, ez da beste luzapenik egongo.
Lehiaketa publikoaren lehen helburua Illunbe merkatalgune bat bihurtzea zen. Ordea, enpresa elkarte adjudikaziodunak atzera egitea erabaki du. Batez ere, Internet bidezko merkataritza nabarmen hazi delako eta Garbera merkataritza zentroa handitu dutelako.
Iazko ekainean, bi aldeek kontratua merkataritza eremutik kanpo birbideratzeko akordioa lortu zuten. Beste jarduera batzuk aurreikusi zituzten han: alokairuko etxebizitza partekatuen proiektu bat (coliving delakoa) eta Miramongo Parke Teknologikoarekin uztartzea beste jarduera batzuen bidez.
Aldi baterako enpresa elkarteak 931.095 euro ordaindu ditu orain arte luzapenen konpentsazio gisa. Udalak beste 340.000 euro eskuratuko ditu sinatu gabeko eskrituraren bermearen truke. Guztira, enpresak 1.271.095 euro ordainduko dizkio udalari eragiketaren porrotagatik.