Tabakaleraren 2023ko zinema eskaintza jasangarriagoa izango da
Frantziako zinema beltzari eskainiko diote Nosferatu ziklo berria, eta ohiko egitasmoek ere jarraipena izango dute. Berrikuntza gisa, hiriko zinema jaialdiekin koordinatu dute Tabakaleraren pantaila partekatuan programatzen duten erakundeek urte berrirako programazioa.
Donostia Kulturak, Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Elias Kerejeta Zine Eskolak eta Tabakalerak 2023rako zinema eskaintza argitu dute. Aurreko urteetan baino jasangarriagoa izateko helburuz diseinatu dute egutegia, hala, Donostian egiten diren zinema jaialdiekin koordinatuko dira: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin, Dock of the Bay Musika Dokumentalen Jaialdiarekin, Giza Eskubideen Zinemaldiarekin eta Crossover Series Festival jaialdiarekin, alegia. Arduradunek aitortu dutenez, helburua da “bertako zinemazaleek hirian eskaintzen diren zinemarekin lotutako askotariko proposamenez gozatu ahal izatea, horietako bakar bati ere uko egin behar izan gabe”.
Berritasunak berritasun, urteroko martxarari helduz, abendura Nosferatu zikloa gauzatuko dute, kasu honetan, Frantziako polarrari (zinema beltzarri) eskainitakoa. eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana erakundearen lankidetzan atondu dute Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak sorta, eta 30 film inguru pantailaratuko dituzte. Louis Feuilladek zuzendutako Fantômas: À l’ombre de la guillotine (1913) lanak eta Dimitri Kirsanofferen Ménilmontant (1926) kultuzko film ertainak abiatuko dute, urtarrilaren 18an zikloa. Lehenengo hiruhilekoan, besteak beste, Jean Renoir, Julien Duvivier, Jacques Becker edo Henri-Georges Clouzot zinemagileen ekoizpenak ikusi ahalko dira.
Ohi bezala, bi liburu argitaratuko dituzte, zinema eskaintzaren osagarri. Bata, El polar francés 1933-1982 1933-1982, Colección Nosferatu-ko 19.a, José Antonio Navarrok koordinatu du, eta otsailean edo martxoan argitaratuko da. Bigarrena, euskarazkoa, Iñigo Marzabalek koordinatu du, Nosferatu Bildumako 11.a, eta 2023. urtearen amaieran argitaratuko da.
Gainerako zikloak
Seigarrenez, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Zinema eta Zientzia programa egingo dute, martxora bitartean; apiriletik ekainera, aldiz, iaz hasitako esperientzia gozoa errepikatuz, Lyongo Lumière Institutuaren eskutik, Lumière emanaldiak berrartuko dituzte. 2023ko lehen seihilekoan, gainera, Ruth Beckermann austriar zuzendariaren filmografia osoa ikusi ahalko dela aurreratu dute. Udarekin batera iritsiko da Jazzinema, eta Euskal Emakume Zinemagileak III zikloarekin agurtuko dute urtea.
Tabakalerako programazioak zinemaren eta artearen arteko harremana estutzeko xedearekin jarraituko du 2023an, eta proiekzioen zati bat bat Evil Eye. Historia paralela de la óptica y la balística erakusketari buruzkoa izango da, urtarrila amaieran martxan jarriko dutena. Horrez gain, Kontatutako Zinea atalean, Maria Elorzak, Paul Urkijok eta Ruth Beckermannek parte hartuko dute.
Zinemaldia + Plus zikloari dagokionez, hirugarrenez, luzatuko da urte osoan zehar, eta Nest lehiaketako irabazleen lanak proiektatuz hasiko dute. Otsailean, Zinemagileen arteko elkarrizketak programak jarraipena izango du, eta 2023ko Ikusmira Berriak programako egoiliarren aurretiazko lanak eskainiko dira, martxoan.
Bestalde, Zinema Feministaren Historiak zikloak ere jarraipena izango du, eta Artium Museoan programatuko dira, Noka 2022 programako zuzendariekin komisario gisa. Horrez gain, Jatorrizko Soinu Bandaren edizio berri bat propsoatuko da. Lehen saioa martxoan izango da, No country for old men filmarekin (Ethan eta Joel Coen) eta Kokoshca taldearen musikarekin. Halaber, zinema familiarraren edizio berriak egingo dira ere: Kameleoiak Gara!, Zinearen Historia Etengabea eta Zine garaikidearen zikloa.
Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek ere protagonismoa izango dute. 2022-2023 ikasturteko Komisariotza Taldea lanean ari da apirilaren 17an hasiko den astean kontzentratuko den programa publiko bat zehazteko.
Zinema-bonua
Iaz bezala, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra (biak barne) zinema programazioaz gozatzeko aukera ematen duen zinema-bonua salgai jarriko du Tabakalerak. 120 euro ordainduz, 40 saiotara bertaratzeko eskumena izango dute eskatzaileek, baita El polar francés 1933-1982 1933-1982, Nosferatu Bildumako 19 argitalpena edota Zinema festa bat da (Katixa Agirre) liburua doan eskuratzekoa ere.
Bonua 2022ko abenduaren 20ko 12:00etatik aurrera eros daiteke, 2023ko urtarrilaren 31ko 12:00etara bitartean, bai Tabakaleraren webgunean eta bai zentroko informazio-puntuan. Egun eta ordu horretan irekiko da, halaber, urtarrileko eta otsaileko proiekzioei dagozkien ohiko sarreren salmenta (4 euroko kostua izango du bakoitzak).
Informazio osagarria, jarraian.