300 igerilari baino gehiago elkartuko dira Gabonetako Nazioarteko Txapelketan Donostian
40. Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa egingo da Donostian, LEN ligaren baitan (Ligue Européenne de Natation), abenduaren 29an. Lehiaketa Paco Yoldi igerilekuetan eginen da, 50 metro eta 8 kaletan. 25 metroko igerilekua izanen du berotzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aurkezpen-prentsaurrekoan izan dira Mari Jose Telleria, Kultura eta Kirol diputatua; Kevin de Olmo, Easwim Igeriketa Taldeko arduraduna; Maider Redin, ekitaldiaren antolatzailea eta igerilaria; Easo igeriketa elkarteko presidentea, Pepe Alonso; Ana Borrezo, gizarte eta kirol proiektuen kudeatzailea eta Noelia Ramajo, Gipuzkoako Igeriketa Federazioko lehendakaria
Oraingoan, Euskadiko eta Espainiako taldeez gain, beste hiru herrialdetako igerilariak izango dira: Portugal, Andorra eta Italia. Halaber, zazpi igerilari olinpikok (Gabriel Lopes, Jessica Vall eta Marina García, besteak beste) eta nazioarteko hamar igerilarik hartuko dute parte.
Lehiakideen zerrendan, aurki ditzakegu Gabriel Lopes Europako Txapelketako brontzezko dominaren garailea, Camila Rebelo portugaldarra, Jessica Vall eta Marina García Tokyo 2021eko partaideak, Richard Oribe Joko Paraolinpikoetan 16 dominaren irabazlea; Andorrako Tomás Lomero, Antonio Mazza eta Christian Polimeno, italiar igeriketako promesak, Iñigo Llopis, Tokioko Joko Paraolinpikoetako zilarrezko domina; Nahia Zudaire, Tokioko Joko Paraolinpikoetako laugarrena; eta Tolosaldea IKTko Nahia Garrido gazteak urrezko bi domina ditu 2022ko Europako Gazteriaren Jaialdi Olinpikoan, 3 marka nazional eta 3 errekor absolutu.
Euskadiko selekzioaren ordezkari gisa, Maider Redin igerilaria (50 metroko Espainiako txapelduna eta 100 metroko txapeldunordea), Ainhoa Martín (400 metroko Espainiako txapeldunordea), Óscar Pascual (50 metroko Espainiako txapelduna), Haritz Elizalde eta Leire Martín (gazteen absolutoan dominalaria) arituko dira.
Gabonetako Nazioarteko Txapelketa Euskal Herriko igeriketa txapelketarik garrantzitsuena da eta Estatuko garrantzitsuenetako bat. 1983tik egiten da, eta 5.300 igerilarik baino gehiagok hartu dute parte, horietako askok olinpiarrak.