[INOZENTEKERIA] Antondegiko Surf Parkea lekuz aldatuko du udalak eta DV-ren egoitza zaharrean eraikiko dute
Akordioa lortu dute Antondegi Berdea elkarte ekologistak, Wavegarden enpresak eta Donostiako Udalak, surf parkearen proiektua beste leku batean eraikitzeko.
Albiste hau 2022ko inozenteen egunaren argitaratu dugu, gure irakurleei ziria sartzeko asmoz. Albisteagatik poza hartu duzuenoi, barkamenak.
Akordioa lortu dute Antondegi Berdea elkarte ekologistak, Wavegarden enpresak eta Donostiako Udalak, surf parkearen proiektua beste leku batean eraikitzeko. Igaran eraikiko dute azkenean, lehen Diario Vasco-k egoitza zuen lur eremuan, hain zuzen. Pozik agertu dira ekologistak, Antondegi babestuko delako, bertako animaliak eta natura zainduz.
Donostiako Udalak adierazi duenez, hirarentzat “albiste ona” da honako hau: “Zurriola hondartzan jada surf egiteko lekurik ez dagoenez –eta horretarako eremu gehiago izenda ezin daitekeenez–, eliteko surflariek izango dute surfa praktikatzeko lekua”. Turismoarentzat lagungarri izango da proiektu hau udalaren ustetan. Eneko Goia alkateak gaineratu duenez, “akordio honekin lortu dugu enpresaren inbertsioa mantentzea, eta era berean ingurumena zaintzea; berri ezin hobea da hiriarentzat”.
Wavegarden enpresak ere ildo horretan goraipatu du akordioa: “Antondegiko eremua proposatu zigutenean, ez genuen aztarna ekologikoaren ikerketarik. Egun ditugun datuekin, zentzuzkoena leku berri bat bilatzea zen; beti ere, errendimendu handiko surf parkea eraikiz. Denok pozik geratzeko moduko akordioa dugu, beraz: bi txori hil ditugu tiro bakar batez”.
Diario Vascoren eremua “aproposena”
Hirian bestelako espaziorik ezean, udalak proposatu zuen Portuetxe kaleko 9. zenbakia. Hain zuzen, joan den ekainean saldu zuen lursaila Vocento taldeak.
Amenabar eraikuntza enpresak erosi zituen lurrok 18,5 milioi euroren truke. Vocentok 10,5 milioiko gainbalio garbiak aitortu zituen, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi zionez. Vocento da El Diario Vasco-ko editore den Sociedad Vascongada de Publicaciones-en % 75,81 kontrolatzen du.
Amenabar eraikuntza enpresak “etxebizitza gehiago” eraikitzeko asmorik ez zuela adierazitakoan hasi zen: “Gaur egun gazteek ez dituzte etxebizitzak erosten, eta dibertsifikazio estrategiak ikertzen ari gara”.
Nekane Arzallus hirigintza zinegotziak jakitera eman duenez, “ondo bidean” datorren urteko ekainean hasiko dira eraikuntza lanak, eta 2024ean estreinatu ahal izango da surf parke preziatua.
Orain arte egindako ikerketa lan guztiek emaitza onak eman dituzte “planoetan ikus daitekeenez”. Onartu du badela galtzadara ur isuriak jaurtitzeko “arrisku arina”, baina, edonola ere, herritarren gehiengoa ez dela konturatu ere egingo: “Total, urte osoan egiten du euria, eta hiritarrok, zein udal langileok, badakigu egoera hauek kudeatzen”.