Erdialdeko SM taberna eta Centro Cafe kafetegia itxi dituzte
Abenduaren 31n itxi zituzten San Martin merkataritza zentroko SM taberna eta Centro Cafe kafetegia, 17 urteko ibilbidearen ondoren. Biak merkatalgunearen erdiko pasabidean zeuden. Establezimenduen jabeetako batek, Ramon Elizaldek, eman zuen albistearen berri sare sozialetan. Ixteko arrazoiak, ordea, ez zituen azaldu.
“17 urtez San Martin Merkatuko kide sutsua izan ondoren, kafeak, gosariak, aperitiboak eta otorduak zerbitzatzen, gauza asko esan nahiko genituzke, baina garrantzitsuena, zalantzarik gabe, eskerrik asko. Eskerrik asko zuen baldintzarik gabeko laguntzagatik eta leialtasunagatik, eskerrik asko aukeratzeagatik eta eskerrik asko zuen konfiantzagatik. Urte hauen balantzea egiten dugu, eta konturatzen gara zeinen zorionekoak garen gure barratik bizitza zuekin guztiekin partekatzeagatik”, adierazi du Elizaldek sare sozialetan.
Aurrerantzean, jabeek hirian dituzten bi Antonio tabernak kudeatzen jarraituko dute.